Usurbildik Gazte Topagunera

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 11a, 08:35

Usurbilgo ordezkaritza bat, egunotan Elorrion egin duten Gazte Topagunean izan da.

Igaro den asteburu luze honetan Bizkaiko Elorrion egin duten Ernai gazte antolakundearen 10. urtemugako Gazte Topagunean izan da herrikide talde bat. Ondoko argazkia helarazi diotenak NOAUA!ri hain zuzen. Antolakuntzak berri eman duenez, "5000 gazte independentista baino gehiagok Elorrioko kaleak astindu ditugu azken egunetan". Tailerrak, kontzertuak, ikuskizunak, mahainguruak... izan dira, baita urtemugako ekitaldi berezia ere. Buruntzaldeatik (tartean, Usurbildik) joandako gazteen argazkia ere atera zuten, albiste honen behealdean duzuena. Orainari eta etorkizunari begirako topagunea izan da. Datorrena berrasmatzeko deia egin zuten, "ez dugulako sistema zis-heteropatriarkal kapitalistak eskaintzen duen etorkizuna nahi".

Horren aurrean, guztion bizitzaren alde eragiten segiko dutela iragarri zuten. "Bizitzeko modu honetan jarraituko dugu, Euskal Herri aske, sozialista eta feminista lortu arte". Bidea elkarlanetik jorratzeko borondatea agertu du Ernaik. "Burujabetza eta eraldaketa sozialaren alde lanean gabiltzanak elkartu, konspiratu, eta borrokatuko gara. Ertz ezberdinetatik sistemari arrakalak sortuz".