Lur Errekondo eta Mollarri, "Harri Herri" saioko txapeldunordeak

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 11a, 08:14

Ergobia eta Etxauri taldeek irabazi dute ETB-ren "Harri Herri" saioa bart. Lur Errekondo kide duen Mollarri eta Albizuri taldeek estreinako edizioko txapeldunorde gisa amaitu dute lehia.

Bart eskaini duen final handiarekin amaitu da Euskal Telebistak azken hiru astelehenetan jokoan jarri duen "Harri Herri" harri-jasotzaileen txapelketa berritzailea. 12 emakumezko eta 16 gizonezko lehiatu dira lau taldeetan banatuta. Haietako batean, Molllarriko kidea izan da Usurbilgo Lur Errekondo. Atzoko finalera heldu eta txapeldunorde amaitu du Juanan Legorburu eta Ane Muruamendiaraz kazetariek eta Iñaki Perurena harri-jasotzaile ohiak aurkezturiko lehiaketa.

Emakumezkoetan hain zuzen, Ergobia nagusitu da, Etxauri gizonezkoen arteko txapelketan. Baina lehia estua bizi izan da. Emakumezkoenen kasuan, "harri landuen lehia parekatua izan da. 88 kiloko koadroarekin, Karmele Gisasolak (10 jasoaldi) Lur Errekondok (9 jasoaldi) baino altxaldi bat gehiago egin du. Errekondo 10. altxaldia lortzeko puntuan egon den arren, ezin izan du sorbaldara eraman. Lierni Osak eta Maddi Gesalagak hartu dute zilindroarekin aritzeko ardura, eta Ergobikoa nabarmen gailendu da 30 jasoaldi eginda, Mollarrikoak baino 7 gehiago (23). Azken harri landuarekin, Garazi Arruti eta Nerea Arruti aritu dira. Aurreko lanean Ergobiak abantaila lortu badu ere, Nerea Arrutik egindako saio ikusgarriak azken lanerako denbora Mollarriren alde jartzea lortu du. Urnietarrak 20 aldiz berdindu du bola sorbaldan; bilbotarrak, berriz, 12 aldiz. Gauzak horrela, Ergobiak 02:57ko denbora bildu du harri baldarrari heltzeko, eta Mollarrik 03:14koa", ETB-k berri eman duenez.

Lehiaketaren azken txanpan, "finalean, ordea, antolatzaileek minutu bat gehiago eman diote talde bakoitzari. Karmele Gisasola eta Lur Errekondo izan dira aurrez aurre Herrirekin lanean aritzeko. Gisasolak 13 aldiz jaso du harri baldarra; Errekondok ezin izan du 11 aldiz baino gehiago jaso. Ondorioz, Zelai II.a kapitain duen Ergobiak irabazi du txapela".

"Harri Herri" txapelketari lotuta ETB-k asteotan eskaini dituen hiru saioak EITB-ren "Nahieran" orrialdean dituzue ikusgai. 


"Harri Herri" txapelketaren finalerako lehiakideak
Emakumezkoetan
Mollarri: Lur Errekondo (88 kiloko koadroa), Maddi Gesalaga (63 kiloko zilindro zaharra), Nerea Arruti (50 kiloko bola). Kapitaina: Izeta II.a.
Ergobia: Karmele Gisasola (88 kiloko koadroa), Lierni Osa (63 kiloko zilindro zaharra) eta Garazi Arruti (50 kiloko bola). Kapitaina: Zelai II.a.

Gizonezkoetan
Albizuri: Aimar Irigoien (200 kiloko koadroa), Hodei Iruretagoiena (137,5 kiloko kubikoa), Beñat Telleria (125 kiloko kopa) eta Andoni Iruretagoiena (100 kiloko bola). Kapitaina: Luis Mari Telleria.
Etxauri: Jokin Eizmendi (200 kiloko bola), Aimar Galarraga (137,5 kiloko bola), Imanol Royo (125 kiloko bola) eta Paulo Azpiazu (100 kiloko kopa). Kapitaina: Joseba Ostolaza.