Dantzaroa

11. Dantza Eguneko tranpaldo irekian eta bazkarian izen-emateko garaia

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 12a, 07:26

Ate joka dugun Dantzaroa zikloko zenbait ekimenetan izen-emateko aukera duzue.

Oporraldiaren ostean, "Dantzaroan" murgilduko gara Usurbilen. Izen horixe jarri dio Orbeldik apirilaren azkeneko bi asteburuetarako antolatu duen ekimen zikloari. Gogoan izan, lehenbizi, hilaren 22an eta 23an, dantzari helduen eta gaztetxoen topaketak iragarri ditu hurrenez hurren; herrikoen nahiz gure artera bisitan etorriko diren gainerako taldeen kalejira eta emanaldi bateratuak. Egunok girotzeko, gainera, erromeria giroa ekarriko digute Iratzar taldeak eta Elizagoien ahizpek.

Zikloa, apirilaren 29ko hamaikagarren Dantza Egunak borobilduko du. Adi, egun horretarako antolatu diren bi hitzorduetarako izena eman ahalko duzue egunotan; herri bazkarirako eta bazkalosteko tranpaldo irekirako hain zuzen.

Kantuan eta dantzan
Nork bere dantzarako trebezia erakusteko aukera izango du tranpaldo irekian. Egin beharrekoa honako hau da; abesti bat hautatu, koreografia plazaratzeko zerbait behar duten adierazi eta talde kide kopurua eta izena zehaztu. “Dantzarako modalitatea librea da”, adierazi dute Orbelditik. Hain zuzen, jakitun dira Orbelditik kanpo ere beste dantza modalitate batzuetan jarduten dutenak badirela herrian eta egiten dutena erakusteko “plaza ez dutenak”. Horretara animatzen dituzte “ez soilik haurrak, baita gazteak eta helduak ere. Animatu!”.

Udarregi ikastolako jangelan egingo duten bazkariaren ostean izango da tranpaldo irekia. Usurbilgo Euskal Kantu Taldearekin ekingo baitio aurtengoan Orbeldik, 11. Dantza Egunari. Kalezartik gainera; handik abiatuko duten kantu eta dantza kalejirarekin. Modu horretan, auzoetara hedatu nahi dute dantza eta kantu giroa, eta eragileen arteko lankidetza sustatu. Haien kalejirara batzeko aukera izateaz gain, gero ikastolan egingo den bazkaritarako izena eman dezakezue asteotan. Euskal kantuez giroturiko otordua izango da. Egun horretan estreinatuko dute, bestalde, hilabeteotan landu duten herri ikuskizuna, erromeria izango da, otarren zozketa... 


Dantzaroa
Apirilak 22, larunbata: 5. Helduen Dantzari Topaketak
11:30 “Hala bazan!” emanaldiaren entsegu orokor irekia Aginagako frontoian.
17:30 Dantzarien argazki ofiziala udaletxean eta kalejira hasiera. Taldeak: Orbeldi, Ortzadar, Arantzarte, Haize Dulantzi.
18:30 Emanaldi nagusia frontoian.
00:00 Erromeria Iratzar taldearekin frontoian. 

Apirila 23, igandea: 4. Dantzari Txiki Eguna
11:00 Dantzarien argazki ofiziala udaletxean eta kalejira hasiera. Taldeak: Egape, Jalgi, Ereintza, Murixka, Alkartasuna eta Orbeldi.
13:00 Emanaldi nagusia Usurbilgo frontoian.
16:30 Erromeria Elizagoien ahizpen eskutik Artzabalen.

Apirilak 29, larunbata: 11. Dantza Eguna
12:00 Kanta eta dantza kalejira, Kalezarko Felix Aizpurua plazatik hasita.
14:30 Kantu-bazkari irekia Udarregiko jantokian. Txartelak 15 eurotan salgai Artzabalen, apirilaren 25era arte.
18:00 Tranpaldo irekia Artzabalgo frontoian. Izen ematea: usurbildantzan@gmail.com helbidera idatzi.
22:00 “Hala bazan!” ikuskizuna frontoian.
Ondoren, otarraren zozketa.
00:00 Erromeria Bide Batez taldearen eskutik, Mikel Laboa plazan.

Antolatzailea: Orbeldi dantza Taldea.
Laguntzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.