"Geuretik Sortuak"

Gure artean da jada, Iñaki Martiarena "Mattin" komikigilea

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 12a, 09:59

Argazkia: Usurbilgo Udala.

Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitan Usurbilen egingo duen egonaldian sortze lan berri bat bideratuko du.

Heldu da Usurbila eta gure artean egingo duen egonaldiari ekingo dio gaurtik Iñaki Martiarena "Mattin" komikigileak. Denbora tarte honetan zehar sortze lan berri bat onduko du. Udalak ateratako ondoko argazkiarekin batera berri eman duenez, "bitan banatuko du hiru asteko egonaldia".
 
Gogoan izan, euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko abian du Usurbilgo udalerria kide duen Udalbiltzak "Geuretik Sortuak" egitasmoaren bigarren edizioa. Literaturan, zinegintzan eta antzerkigintzan dihardutenek sormen lan berriak gauzatzea ahalbidetu die egitasmo honek. Oraingoan, gainera, ilustratzaileek ere parte hartu ahalko dute. Haietako bat, Iñaki Martiarena "Mattin" gure artean, Usurbilen izango dugu asteotan proiektu horren baitan. Udalerri honetan egingo duen egonalditik sortuko du bere hurrengo sortze lana.

Horretan oinarritzen da hain zuzen, Udalbiltzaren ekimena. "Askotariko eta kalitate altuko" 60 proposamen jaso ditu Udalbiltzak.  Udazkenean zehar izena emandako artistek bizilekua ez duten Euskal Herriko udalerrietan egonaldiak egin eta tarte horretan herriotan girotutako istorioak sortuko dituzte; 15-20 orrialdeko komikiak, 10-20 minutuko film laburrak eta antzezlanak.

Aurten sortu eta 2024an lan guztiokin "kultur zirkuitu bat osatuko da. Ipuinak eta komikiak bilduma banatan argitaratuko dira; film laburrekin muntaia orokor bat egingo da, eta antzezlanak euren kabuz aurkeztuko dira herri horietan. Zirkuitu hau egonaldiak jaso dituzten udalerri guztietatik igaroko da".

Halaxe egin zuten baitan lehenengo edizioan ere. Orduko hartan, Itxaro Borda Baionako idazleak egonaldia egin zuen Usurbilen eta hortik, "Gauak Zuri Usurbilen" liburua sortu zuen. Bi herrikideek, bestalde, Yolanda Arrietak eta Ugaitz Agirrek Euskal Herriko beste bi udalerrietan eginiko egonaldietan beste bi sortze lan bideratu zituzten. "Estekak" ipuina sortu zuen Arrietak Nafarroako Etxarri-Aranatzen eta Agirrek Arabako Artziniegan "Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia". Guztiak sortzaileek eginiko egonaldietako herrietan girotutako sortze lanak izan ziren. Udalbiltzako kide diren udalerriek diruz lagundutako egitasmo honi, 17.000 euroko ekarpena egin zion Usurbilgo Udalak. 19.000 eurokoa bigarren edizio honetan.

"Geuretik Sortuak" egitasmoko parte hartzaileak
Literaturan
:

  • Edorta Jimenez Ormaetxea: Mutriku

  • Ainhoa Urien Telletxe: Lodosa, Sartaguda, Mendabia, Andosilla, Sesma

  • Idoia Etxeberria Elortza: Zaldibia, Ataun

  • Maddi Arocena Zubeldia: Ziortza-Bolibar

  • Jon Abril Olaetxea: Atharratze

  • Lutxo Egia del Río: Segura

  • Maitane Perez Argote: Errigoiti, Ajangiz, Muxika

  • Saioa Alkaiza Guallar: Berriatua

  • Maite Aizpurua Olaizola: Araitz, Betelu, Larraun

  • Gaizka Sarasola Iartzabal: Larrabetzu

Antzerkian:

  • Goitibera konpainia: Hernani

  • Antzerki Aroak / Zinealdiak: Zumaia

  • Jon Ander Urresti Ugalde: Aulesti, Munitibar, Amoroto

Zinegintzan:

  • Pette Etxebarria Busquets: Antzuola, Aiherra

  • Arriguri / Aitor Gametxo: Uharte

  • Alba Lozano García: Oiartzun

  • Aitzol Saratxaga Saenz: Legutio

Komikigintzan:

  • Iñaki Martiarena “Mattin”: Usurbil

  • Aritz Ibarra Agirrezabal: Sara, Urruña, Bera, Lesaka

  • Kote Camacho de Miguel: Bergara

  • Unai Gaztelumendi Arandia: Leitza, Berastegi

  • Eñaut Aiartzaguena Bravo: Amasa-Villabona