Osakidetzan euskaraz artatuak izatea eskatzeko deia

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 12a, 09:03

Osakidetzarekin harremantzeko euskara lehenesteko deia egin dute.

Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2022-2028 III. Planean jasotako konpromisoetako bati bide ematen hasi da Eusko Jaurlaritza. Herritarrak Osakidetzarekin zer hizkuntzatan harremandu nahi duten zehaztera animatzea helburu duena hain zuzen. Antza, erakunde honek jakinarazitako datuen arabera, Osakidetzaren erabiltzaile diren 1.764.174 herritarretatik %77ak lehentasunezko hizkuntza erregistratua du, baina soilik "%19 inguruk adierazi du arreta euskaraz jaso nahi duela".

Horregatik, urte hasiera honetatik abian duen kanpaina honen bidez, "Osakidetzak osasun-arloko komunikazio-hizkuntzaren inguruan erabiltzaileek dituzten lehentasunak ezagutu nahi ditu. Erregistro horren helburua da, eskariaren arabera, asistentzia-maila desberdinetan behar diren osasun-zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala artikulatu ahal izatea, dela Lehen Mailako Arretan, Arreta Espezializatuan edo Osasun Mentalean".

Osakidetzatik jaso beharreko komunikaziorako nahiz arlo honetako profesionalekin harremantzeko hizkuntza gisa euskara lehenesten dutenek "bai asistentzia-aplikazioetako paziente-erregistroan, bai bestelako identifikazio-elementuetan, ikur urdina agertuko da e letrarekin, Osakidetzarekiko harremanean euskara erabiltzea nahiago dela adierazten duena".


Euskara lehenestea ezinbestekoa
Osakidetzaren arabera, %19ak baino ez du adierazi Osakidetzan euskaraz artatua izan nahi duela. Aldiz, "UEMAko kide diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien kasuan, euskarazko arreta eskatu duten herritarren kopurua hiru aldiz handiagoa da: %60,3, zehazki", erakunde horretatik zehaztu dutenez. Halere, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik diotenez, "bost herritarretik batek ez du Osakidetzarekin aritzeko hizkuntza hautatu oraindik, eta batez ere horiei dei egin nahi die UEMAk, kanpainarekin bat egin dezaten eta osasun-arreta ere euskaraz eska dezaten".

Ezinbestekotzat jotzen du, arlo hau euskalduntzen segitzeko. "Osasun zerbitzua euskaraz jasotzea herritarren eskubidea da eta, beraz, erakunde publikoen betebeharra. Horretarako, ahalik eta herritar gehienek osasun-arretan ere euskara hautatzea beharrezkoa da oraindik, administrazioa euskalduntzeko lanean urratsak egiten segi dezagun, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatu arte".