Errenta euskaraz aitortzeko deia

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 13a, 09:17

Errenta euskaraz aitortzeko deia egina du Usurbilgo udalerria kide duen UEMA-k. Online bidezkoa aurkeztu daiteke jada, autolikidazio proposamenak onartu ere bai.

Errenta online aurkeztu daiteke edota autolikidazio proposamenak onartu ere bai. Errenta mekanizaturako hitzordua eska daiteke gaurtik, hilaren 17ra arte ordea ezingo da tramitatzen hasi Ogasuneko bulegoetan. 2022ko errenta aitortzeko tramitazioa ekainaren 30a baino lehen bideratu beharko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasunak finkatuak ditu 2022ko errenta modalitate ezberdinetan aitortzeko datak. Honako hauek dituzue:
-Martxoak 29tik aurrera: autolikidazio proposamenak ikustea.
-Apirilak 3-ekainak 30: autolikidazio proposamenak onartzea.
-Apirilak 12-ekainak 30: Internet bidez aitorpenak aurkeztea.
-Apirilak 13-ekainak 8 (epea luzatu daiteke ordu libreak egonez gero): errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea (apirilaren 20tik aurrera, autolikidazio proposamenak jaso dituztenen kasuan).
-Apirilak 17-ekainak 30: errenta mekanizatuaren aitorpena aurkeztea.

Informazio gehiago gipuzkoa.eus atarian edo 943 113 000 telefono zenbakian.


Errenta aitorpena euskaraz
Errenta euskaraz aitortzeko aukera izango dugu urtero moduan eta horretara animatu gaitu Usurbilgo udalerria kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), "herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian". Erakunde honetatik gogorarazi dutenez, "errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik, eta horretan eragin nahi dute UEMAk eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez". 

Modu honetan egin dezakegu:
-Autolikidazio proposamena jaso dutenen kasuan: proposamena telefonoz nahiz online onartzerakoan euskaraz egin nahi duzula adierazi eta "aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu".
-Errenta mekanizatua aurkeztuko dutenen kasuan: hitzordua hartzerakoan Ogasunarekin euskaraz harremandu nahi duzula adierazi. Hala eskatuz gero, harremana hizkuntza berean izan dezakezu modalitate guztietan; aurrez aurre, online nahiz telefono bidez. Ogasunak sinatzeko emandakoa orria ere euskaraz jaso ahalko duzu.
-Internet bidezkoaren kasuan: errenta programaren euskarazko bertsioa Internetetik jaitsi eta "hobetsitako hizkuntza" atalean euskara hautatu dezakezu. Aholkularitzaren bat aukeratuz gero, "berariaz adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Beste modu batean egiten baduzu (finantza erakunde batean, esaterako), euskaraz egiteko eska dezakezu.

Hobaria NOAUA! K.E.-ko bazkideentzat
Adi baita NOAUA! K.E.-ren bazkideok; bazkidetzagatik hobaria aplikatuko zaizue errenta aitorpenean.