Egun seinalatua ostiral hau, oroimen historikoari dagokionean. Apirilak 14, bigarren Errepublika aldarrikatu zen eguna. 1931. urtean izan zen. Besteak beste, Euskal Herriko hainbat udalerrik Euskal Errepublikaren aldeko mozioak onartu zituzten, Usurbilgo Udalak tartean. Euskal Errepublikaren alde altxatako herrietako bat izan zen geurea gaur duela 92 urte. Urtemuga egun honetan, herri honen memoria historikoa berreskuratzeko lanean ari den Usurbil 1936 elkarteak garai hartako udalbatzan onartutako akta eman du argitara.
"Usurbilgo hiribilduan 1931ko apirilaren 17an" aldarrikatu zuten Euskal Errepublika, orduko aktan irakur daitekeen moduan "Domingo Arrillagaren presidentetzarenpean".
Dokumentu idatzi honek erdaraz dioenez, "nazio gisa gure askatasun politikoaren erregimen suntsitzailea desagertu den une historiko honetan, estatu espainiarraren egituratze berriaren aurrean, udal honetako gutxiengo nazionalistak, nazio gisa dagozkion eskubide natural eta historikoak baieztatu ondoren, Euskal Herriaren autodeterminazio gisa lehen ekintza galdegiten du, Euskal Errepublikaren aldarrikapena, Iberiar penintsulako gainerako errepublikekin konfederatuta".
Segidan duzue lerrootan mintzagai dugun eta azken orduotan Usurbil 1936 elkartetik zabaldu duten akta. "Gaur, apirilak 14, II Errepublikaren 92. urteurrena denez, interesgarri deritzogu akta hau jartzea. Batez ere gogoratzeko horrenbeste sufrimendu ekarritako gerra piztu zutela ondoren faxistek 1936an, hain zuzen, Errepublikaren legitimitatearen aurka jo eta gero", azaldu dute Usurbil 1936 elkartetik.