Andoni Sagarnaren lan berria eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 15a, 13:50

"Ingurune digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskara" izeneko jardunaldiak antolatu zituen Euskaltzaindiak 2019ko irailean Donostiako Tabakaleran. Bere mendeurrenaren baitan egindako "hamargarren eta azken jardunaldi akademikoa" izan zen. Batetik, euskararen estandarizazioa nola bizkortu zitekeen "garai hauetan egunerokoa eta ezinbestekoa bihurtu den ingurune digitalaren bitartez", horri buruz hausnartu zuten. Bigarren xede bat ere bazuen hitzorduak; "beste hizkuntzetako esperientziak ezagutuz eta Euskaltzaindiarenak ere azalduz, helburua da aurrera egitea euskalgintzarekin batera, euskararen estandarizazio horren formulazioan, ebaluazioan eta zabalkuntza bidean, XXI. mendeko euskal gizarteak dituen euskarari buruzko premiei erantzun egokia eman nahian".

Jardunaldi haietan jazotakoa liburu batean bildu du orain Euskaltzaindiak. Bi dira argitalpen honen egileak, biak ala biak Euskaltzaindiako kideak; batetik, Miriam Urkia euskaltzain osoa, eta bestetik, herrikide bat; Andoni Sagarna euskaltzain emeritua. 

Ingurune digitala eta euskararen estandarizazioa
"XXI. mendean aurrera goaz eta ingurune digitala gure bizitzaren parte da, hori ez du inork zalantzan jartzen. Adimen artifizialak eta, bereziki, hizkuntza-teknologiak gure egunerokoan sartuak ditugu, eta euskara ez da salbuespena. Nola lagun dezake ingurune digitalak euskararen estandarizazioa bizkortzen?", galdera honen bueltan dihardu liburuak.

"Horretarako, beste hizkuntzetako esperientziak, Euskaltzaindiarenak berarenak eta euskal erakundeenak ezagutu nahi izan ditugu, guztiok elkarrekin euskararen estandarizazio horren formulazioan, ebaluazioan eta zabalkundean aurrera egiteko eta XXI. mendeko euskal gizarteak dituen euskarari buruzko premiei erantzun egokia emateko". Esteka honetan eskura daiteke, "Ingurune digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskara" argitalpena.

Euskaltzain emeritua
Mendeurrena betea duen Euskaltzaindiako kide da Andoni Sagarna duela ia 40 urtetik. 1987an euskaltzain urgazle izendatu zuten, oso 2006an eta iaztik euskaltzain emeritua da. Gogoan izan, NOAUA!-rekin lotura estua du Sagarnak. Kultur elkarte honen lehen lehendakaria izan zen Sagarna.

Ibilbide oparo askoa egin du industria ingeniariak euskalgintzan. Besteak beste, Elhuyar Kultur Taldearen sortzaileetakoa eta burua ere izan zen, Elhuyar Fundazioa eratu eta hango patronatuko kidea ere izan zen. Horrez gain, UZEIren zuzendari teknikoa, Eusenor egitasmoko sortzaile eta zuzendari teknikoa, Elkar enpresa taldeko I+G+B arloko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko, Eusko Ikaskuntzako, Aranzadi Zientzia Elkarteko edota Udako Euskal Unibertsitateko kidea. Hizkuntzaren teknologiaz sarri idatzitakoa da euskarazko hedabide askotan.