"Badator Aztarri-Cup"

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 15a, 14:37

Asteburuko gauak gogotik girotu izan dituen Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak antolaturiko ekimen arrakastatsua bueltan dator. Izen-ematea zabalik izango dute apirilaren 24ra arte.

Ostiral gauetan giro ezin ederragoa ekarriko du aurtengoan ere ate joka duten ekimenak; Usurbilgo Gazte Asanbladak bere izena daraman Aztarri-Cup ekimenaren edizio berria antolatzen ari dela berri eman dio NOAUA!ri. Maiatzaren 12an hasiko da eta ekainaren 17an amaitzea aurreikusia dute. "Ostiral gauetako planik ez? Hainbat astez kirolaz gozatzeko aukera paregabea izango duzue!" iragarri dute. Hockeya eta artzikiroletan parte hartzeko aukera eskainiko dute. 

Parte hartu nahi dutenentzako izen-ematea ere zabalik du gazte asanbladak, esteka honetan: Aztarri-Cup. Taldearen izena, logoa, baliatuko duten kamisetaren kolorea, partaideen izen-abizenak eta NAN zenbakiak, kapitainaren izena eta telefono zenbakia zehaztu beharko dira.

Izena emateko aukera izango da apirilaren 24ra arte. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, gutxienez zazpi kideko taldeak osatu beharko dira, talde mistoak. Apuntatzerakoan, talde bakoitzak 20 euroko bizuma egin beharko du telefono zenbaki honetara: 688 613 715.

Pala txapelketa
Asteburu girotuak izango ditugu udaberri honetan, herriko jaiak hasi bitarte. Aztarri Cup-ekin batera, eta Aginagako Winter Series ekimenaren ostean, Usurbilgo Pala Txapelketaren edizioko jardunaldiak jokatuko dira baita hurrengo hilabeteotan. Izen-ematea apirilaren 9an itxi zuten antolatzaileek. Binakako txapelketaren azken jardunaldia, finala alegia, Usurbilgo festen hasieran, ekainaren 29an jokatuko da.