Haur Eskola izango dugu hizpide, askorentzat bi asteko oporraldia amaitu eta itzulera egunotan. 2023-24 ikasturtera begirako prestaketa lanen ispilu izango dira asteotarako 0-3 urte arteko zikloa eskaintzen duen eskolak iragarritako deialdiak. Hasteko, gaurtik bi astez zabalik izango da matrikulazio epea. Bestetik, urtero moduan, eskolako proiektua eta azpiegiturak ezagutzeko aukera izango da, etzirako antolatu duten ate irekien jardunaldian. Astearterako, bestalde, kuotei lotutako bilera iragarri du Usurbilgo Udalak Sutegin. Lerrootan dituzue xehetasunak.
Matrikulazioa
Aipatu moduan, zabalik da gaurtik, apirilaren 28ra arte 2023-24 ikasturtera begirako matrikulazio epea Haur Eskolan. Deialdia 0-3 urte artekoei zuzendua dago; bestela esanda, 2021-23 urte artean jaiotakoei.
"Behin ikasturtea hasita, Haur Eskolak eskaintzen duen zerbitzuaren beharra izango duzuela aurreikusten baduzue, matrikulazio garaian gurekin harremanetan jartzea eskertuko genizueke, epez kanpoko izen-emateei ezin baitiegu plaza eta ordutegia bermatu", ohartarazi dute Haur Eskolatik.
Matrikulatzeko hitzordua eskatu beharko da aurrez, informazio gehiago ere jaso daitekeen bideotatik hain zuzen:
943 36 12 16 (8:00-15:00 artean)
haureskola@udarregi.eus
Ugarte, 9
Ate irekien eguna
Horrekin batera, gogoan izan, matrikulazio epea ireki berritan, ate irekien eguna antolatu du Haur Eskolak; apirilaren 19an hain zuzen, asteazkenez; 17:00etan euskarazko saioa eta ordubete beranduago, 18:00etan gaztelaniazkoa.
Bilera
"Hezkuntza Legea eta haur eskolak: 2023-24 ikasturteko kuoten inguruko argibideak" emateko bilera deitu du azken orduotan Usurbilgo Udalak, astearte honetarako, apirilaren 18rako, arratsaldeko 18:00etan Sutegin.