Gaurtik ibilgailuentzat itxita egongo da Etxealdiara jaisteko San Esteban kalea. Aldiz, Santuenea nahiz Atallu edota tren geltokitik gora edota Kaxkotik behera doazen oinezkoak bai, bertatik igaro ahalko dira. Albiste honi atxikitako ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan, hesitua dago San Esteban kalea hobekuntza lanetarako. Helburu nagusia, eremu hau irisgarriago bilakatu eta aurrerantzean, oinezkoak lehenestea da.
Udalak Sasoi Eraikuntzari esleituko dizkion 196.800 euro inguruko lanon iraupena hiru hilabetekoa izango dela aurreikusi du aipatu enpresak berak. Denbora tarte horretan, oinezkoen mugimendu handiko eremua izanik, Udalak ohartarazi duenez, "obrak martxan egonagatik ere, oinezkoek bertatik pasatzeko aukera izango dute. Ibilgailuek, berriz, ezingo dute kalea zeharkatu lanak gauzatu bitartean".
Kale aldapatsu hau goitik behera eraberritzeko lanen hasiera izango da. "San Esteban kalea bere osotasunean berritzeko proiektua idatzia du Udalak, baina oraingo honetan kalearen zati bat egingo da, goikoa: Kale Nagusitik behera hasita, auzora jaisteko eskaileren ingurura arte. Beste zatia, San Esteban kalea tren geltokirako zubiarekin lotzen duena, tren geltoki berriko obrak amaitzean egingo dute. Izan ere, San Esteban kalearen zein tren geltokiaren obrek bat egingo dute denboran, eta baliabideak modu eraginkorrean erabiltze aldera, bi proiektuak uztartzea garrantzitsua izango da".