Etxeko berri

Aste honetan bai

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 17a, 08:00

Bi asteko etenaldiaren ostean, oraingoan bai, aste honetako NOAUA! aldizkaria etxez etxe jasoko duzue. 

Aurreko bi asteetan ez da aldizkaririk izan, baina estreinatu berri dugun honetan bai. Datorren NOAUA!, 946 zenbakiduna, hilaren 21ean kaleratuko dugu. Hurrengoa hilaren 28an. Oharrik baldin baduzue apirilaren 24a baino lehen helarazi, erredakzioa@noaua.eus helbidera , 943 360 321 telefono zenbakira deitu edo Bordaberri 3ko egoitzara etorri.

Errenta aitorpeneko hobaria
Ogasunarekin diru kontuak argitzeko unea heldu da. NOAUA! Kultur Elkarteko bazkideok egiten duzuen ekarpenagatik hobaria jasoko duzue errenta aitorpenean. NOAUA! kide izatearen abantailetako bat duzue honakoa, baina ez bakarra.

NOAUA!kide ez zaretenoi animatu bazkide izatera! NOAUA! Kultur Elkarteko kide izanda, elkartearen erabakietan eskuhartzeko eskubidea izango duzue, beherapenak elkarte honek antolaturiko ekitaldietan, hobaria errenta aitorpenean, eta garrantzitsuena, egitasmo hau babestu eta bultzada emango diozue. 

Bazkidetza kultur elkarteko egoitzan bideratu dezakezue, web orrialde honetan bertan, noaua.eus/bazkidetu/ atalean.

Hitzarmena berritua
Hitzarmen berritzea Usurbilgo Udalaren eta NOAUA! Kultur Elkartearen artean. Ibilbide luzea duen lankidetza beste hiru urtez luzatuko dute. Hala onartu zuen aho batez udalbatzak, iragan martxoaren 30ean egin zuten osoko bilkuran. Beraz, egun indarrean zena bertan behera geratuko da, eta berria izenpetuko dute bi aldeek. Hiru urteko iraupena izango du. Hitzarmenaren helburua, "NOAUA! Kultur Elkartearekin dirulaguntza-erregimena eta prekarioz lagatuko dion lokalaren erabilpena arautzea da". Tarte horretan, hau da, 2025. urtera arte urtero 74.000 euroko diru ekarpena egingo dio Udalak kultur elkarte honi. Aurreko urteetan baino kopuru handiagoa izango da. 2020an 56.000 euroko ekarpena egin zion Udalak NOAUA!ri. 2021. urteaz geroztik, 58.000 eurokoa urtero.

Dirulaguntzan izan den gehikuntzak zerikusi zuzena du NOAUA!k bizi duen egoerarekin. Udal gobernu taldetik azaldu zuten aurreko asteko osoko bilkuran. Diru-poltsa %5 gehitu arren, laguntzen deialdian banaketa irizpideak berritu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta horrek desoreka handiak eragin ditu. Hala, kultur elkarte honek jaso ohi duen foru dirulaguntzan %17,63ko murrizketa izan du, 61.781 euro gutxiago jasoko ditu 2022-24 urte artean. Bataz beste, urtean 20.600 euro gutxiago eta aurrekontu osoaren %8,47 gutxiago. 

Hitzarmenaren xedeak
2008. urtetik hitzarmen bidez izenpetzen dute Udalak eta NOAUA! Kultur Elkartearen arteko lankidetza. Ordutik lau urtero berritu izan da. Elkartea diruz lagundu eta prekarioz lagatako lokalaren erabilpena arautzearekin batera, "azpi-helburu hauek ere bilatzen dira". Batetik, "euskararen erabilera zabaldu, Usurbilgo bizitza-esparru guztietan normaldu eta bermatu eta garai berrietara egokitzeko aberastea". Bigarrenik, "euskal kultura zaindu eta ezagutzera ematea, iraganeko sustrai kulturalak galtzen ez uztearren eta sortuko den kulturgintza bermatuz". Hirugarrenik, "gaur egungo kulturgintzan jardutea, bertakoa landuz. Kulturgintza unibertsala herriratzeko zubi eta bitarteko izatea". Laugarrenik, "Usurbil ezagutzera emateko bide egokiak taxutzea. Herrikoak munduan barrena bizi diren beste herri eta kulturak ezagutzeko aukerak gihartzea". Azkenik, "aurreko helburuen ildotik, herriaren aurrerabiderako egoki izan litezkeen ekintza, egitura eta jarduera ekonomikoak antolatzea".