Frontoiko berritze lanak begi-bistan

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 17a, 14:22

Berritze lanak errematatzen ari ziren astelehen eguerdi honetan, jada hesiak kendu dizkioten frontoiari.

Itxita, hesitua egon da martxoaren 27az geroztik Usurbilgo frontoia. Hobekuntza lanetan izan dute pilotalekua azkeneko hiru asteotan. Itxuraz berritua dugula ikus dezakegu, begi bistan baitugu gaur. Astelehen honetan hain zuzen, apirilaren 17an zabaltzekoa zuten gunea. Hesiak kendu dizkiote herri erdiguneko frontoiari eta begi bistakoak dira aldaketak. 

Egitekoak zituzten 15.000 euroko kostua izan duten hobekuntza lanak Usurbilgo Udalak aurreratu zituen joan den hilabetean. "Lehenengo, frontoiko lurzorua konponduko dute: zulo txiki ugari dauzka, eta dena berdintzeko lanak egingo dituzte, bi egunetan. Zorua lehortzen utziko dute egun batez, eta, ondoren paretekin hasiko dira lanean. Batetik, goiko sarea kenduko dute, eta berria jarri, eta bitarte horretan kristalak garbitzeko aprobetxatuko dute. Horiek egindakoan, berriz, paretak margotuko dituzte, eta aurreikuspenen arabera, bi aste beharko dituzte horretarako", berri eman zuen Usurbilgo Udalak.