Aste hasiera honetan ekin die berriz mobilizazioei Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. 63 hilabete daramate, egun 80 herrietan, pentsio eta bizi duinak aldarrikatzen. "Premiazkoenak diren gure aldarrikapenei erantzutea lortu arte, beharrezkoa den denboran jarraitzea erabaki dugu; oinarrizko produktuen prezioen igoera bidegabearen aurrean, gero eta aberastasun handiagoa pilatzen dutenen espekulazioaren eta zekenkeriaren ondorioz".
Gaur egun oraindik ere, miserabletzat jotzen dituzte kobratzen segitzen diren gutxieneko pentsioak. "EAE-n 167.718 pentsiodunek eta Nafarroan 51.306k 1.080 eurotik beherako pentsioak dituzte (140.000 emakumeak dira)". Horrekin batera, "erretiro-adinaren igoera edo pentsioak kalkulatzeko kotizatutako urteen igoera bezalako murrizketek indarrean jarraitzen dute, baita 2011ko erreformaren ondoriozko murrizketek ere". Generoen arteko aldea %37koa da oraindik".
Testuinguru honetan, datozen asteotan bideratzekoak diren ekimenak iragarri ditu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Hasteko, astelehen honetan, Arartekoari kexa bat aurkeztekoak ziren, "Eusko Jaurlaritzak uko egin diolako DSBEaren lege berriaren ondorioz, pentsiodunekin ofizioz jarduteari". Horrez gain, "2/2023 LEDaren izapidetze parlamentarioan gure eskariak barne hartzea eta 2023rako 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea exijituko dugu 14 ordainsaritan. Maiatzean, halaber, EAEn eta Nafarroan gutxieneko pentsioa 1.080 euroraino osatzea eskatuko dugu", iragarri dute. Erakundeen borondate politikoaren mende dagoela gogorarazten dute gutxieneko pentsio hau finkatzea.
Hauteskunde giro honetan, "ez gara besoak gurutzatuta geratuko" iragarri dute, "beste promesa batzuk egiteko zain, eta mobilizatu egingo gara".
Osakidetza defendatzera
Hasteko, larunbat honetarako, apirilaren 22rako, Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek EAE-ko hiriburuetan deitu dituzten mobilizazioekin (Donostiakoa 17:00etan Bulebarretik) bat egin dute, pentsiodunak hitzorduotan parte hartzeko deia egin ere bai. "Osakidetzaren politikan aldaketa sakona eskatzeko, osasun publikoa, duina eta kalitatezkoa bermatzeko" egingo dira manifestaziook, eragile sindikal eta sozialen babesarekin. "Osasungintza publikoa indartu, Osakidetza desegitearen aurka" antolatu dira protesta hitzorduok.
Adi, bestalde, osasun sistema publikoaren defentsan beste bi greba egun deitu ditu SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek Osakidetza osoan, maiatzaren 18an eta 19an.