Urriaren 13tik 15era Usurbilen

"Euskal Herriko gazte feministontzat espazio bat sortuko dugu"

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 18a, 13:17

Euskal Herriko Neska* Gazteek Baterajotzea iragarri dute urriaren 13tik 15era Usurbilen.


Iragan Martxoaren 8an Euskal Herriko Mugimendu Feministak "Denon Bizitzak Erdigunean" aldarripean prozesu partekatu bat abiaraztera zihoala iragarri zuen eta egun hura izan zela abiapuntua. Hortik aurrera jorratuko duten bidea landuz, "greba feminista orokorrerantz goaz!" adierazi zuten. Grebara bidean, "aliantzak jostera eta agenda politikoa zein aldarrikapenak sortzera goaz", beti ere aipatu mugimenduaren esanetan, "zaintzarako eskubide kolektibo baten alde". 

Greba feminista orokor horren testuinguruan, aldez aurretik, "Euskal Herriko gazte feministontzat espazio bat sortuko dugu, Baterajotze berri batera goaz". Hala iragarri dute astearte eguerdi honetan, Euskal Herriko Neska* Gazteek Usurbilgo Mikel Laboa plazan egin duten agerraldian. "Utopiak lehertzeraino" aldarripean, Euskal Herriko neska* gazteen Baterajotzea iragarri dute udalerri honetan bertan, Usurbilen alegia, urriaren 13tik 15era. "Dugun potentzialtasuna artikulatu, norabidetu eta nola kristalizatu erabakitzeko Usurbilen elkartuko gara urriaren 13, 14 eta 15ean", berri eman dute. Urriko hitzordura begira adierazi dutenez, "sistema kapitalista zisheteropatriarkala iraultzeko proposamenak irudikatu eta artikulatzera, haustura kolektiboki antolatzera eta utopiak lehertzera gatoz".

"Errotiko aldaketak eragin eta exijitzeko"
Greba feminista orokorra antolatzen hasiak direla berri eman dute. Bertan, neska* gazteek antolaketa propioa aldarrikatu dute. "Jada hasi gara grebaren antolaketan auzo eta herrietan. Ordea, jakin badakigu, gazteok beharrezko dugula antolaketa propio bat ere, gure behar eta proposamenek tokia izan dezaten, mundu ikuskera zabaldu dezagun eta iritzi sortzaile izan gaitezen".

Azken urteotan mugimendu feministak erakutsitako mobilizazio gaitasun handiari jarraiki, aipatu greba feminista orokorraren "potentzialtasunaz eta eztanda gaitasunaz" baliatu nahi dute, "errotiko aldaketak eragin eta exijitzeko". 

Aurrekoa Elizondon
Gaur, urriaren 13tik 15era Usurbilen iragarri duten Baterajotzearen aurreko edizioa, 2021eko urrian egin zuten Elizondon, "Mugimenduan gaude, lurrikara gara!" aldarripean. 600 neska* batu zituen inflexio puntutzat jo zuten topaketak. Besteak beste, hausnarketara eta etorkizuneko erronkak marraztera bideraturiko hitzaldi, mahai-inguru eta tailerrak egin zituzten. "Hemendik aurrera Neska* Gazteok, egun bizi dugun krisi anizkoitza honen aurrean zer papera dugun eta  nola erantzungo diogun hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazioa izan zen", Euskal Herriko Neska* Gazteen esanetan.

Informazio gehiagorako, ehkoneskagazteak.eus atarian.