Zumetaren muralak 50 urte

Zumetaren muralaren sortze prozesua ezagutzeko aukera laster

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 18a, 09:45

Apirilaren 28an Sutegin irekiko duten erakusketan, 50 urte bete dituen Jose Luis Zumetaren muralaren sortze prozesuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango dugu.

Jose Luis Zumeta zendu zela hiru urte beteko dira larunbatean, hain zuzen, bere sortze lan ezagunenetako bat, frontoi atzeko muralak 50 urte bete dituen urte berean. Horma-irudi horri lotutako ekimen ziklo berezia iragarri zuten otsailean Usurbilgo Udalak eta Zumeta Arte Estudioak hilabeteotarako. Hasteko, kontserbazio lanak egin ditu Artyco enpresak, eta lanok amaitu aurretik bisita gidatua antolatu zuten.

Hurrengo hitzordua ate joka dugu; muralaren beraren sortze prozesuari buruzko erakusketa bisitatzeko aukera izango dugu apirilaren 28tik aurrera Sutegin. Ekimenoi buruz, frontoi atzealdeko horma-irudiaren mende erdiaz, Jose Luisen heriotzaren urtemugaz... mintzatu da aste hasiera honetan bere alaba Usoa, Euskal Telebistako Biba Zuek saioan. Programa honetan eskaini duen elkarrizketan nabarmendu duen moduan, 50 urte bete dituen murala "herriko ikur nagusian" bilakatu da. 

Albiste honi atxikitako bideoan, ETB-koek Usoari egin dioten elkarrizketa. 

Zumetaren muralaren 50. urtemugako ekitaldiak
Apirilaren 28tik maiatzaren 15era
Muralaren sortze prozesua azalduko duen erakusketa Sutegin.
Zehaztasunak: "Jose Luis Zumetaren Usurbilgo muralaren 50. urteurrenaren harira, muralaren inguruko informazioa emango du erakusketak: batez ere, sortze-prozesua erakusten duten artxiboak, irudiak eta argazkiak izango dira. Muralaren jatorrizko bozetoa, olio bat, estreinakoz ikusteko aukera izango da bertan".
Tokia: Sutegiko erakusketa aretoa.
Ordutegia:
-Astelehenetan: 17:00-20:00 (maiatzaren 1ean itxita).
-Asteartetik ostiralera: 11:00-13:00 eta 17:00-20:00.
-Larunbatak eta eta igandeak: 11:30-14:00 eta 17:00-20:00.


Ekaina
Zumetaren horma-irudiaren parean, murala bera protagonista nagusia izango duen jaialdia herriko sortzaile eta kultur eragileekin.

Irailaren 29tik urriaren 15era
Jose Luis Zumetaren eta Usurbilen arteko harremana aztertuko duen erakusketa Usurbilen.

Antolatzaileak: Zumeta Arte Estudioa eta Usurbilgo Udala.
Laguntzailea: Gipuzkoako Foru Aldundia.