Hasiera batean, apirilaren 14ra arteko epea finkatu zuen antolakuntzak izen-emateko, baina tarte hau beste astebetez luzatzea erabaki du. Ostiral honetara arte, apirilaren 21era arte bideratu ahalko da inskripzioa Orbeldik datozen bi asteburuotarako antolatu duen Dantzaroaren baitan iragarri duen tranpaldo irekirako. "Tranpaldo irekian izena emateko epea luzatu dugu! Ostirala izango da azken eguna, beraz, azkar ibili!", ohartarazi dute sare sozialen bidez.
Egin beharrekoa honako hau da; abesti bat hautatu, koreografia plazaratzeko zerbait behar duten adierazi eta talde kide kopurua eta izena zehaztu. “Dantzarako modalitatea librea da”, adierazi dute Orbelditik. Hain zuzen, jakitun dira Orbelditik kanpo ere beste dantza modalitate batzuetan jarduten dutenak badirela herrian eta egiten dutena erakusteko “plaza ez dutenak”. Horretara animatzen dituzte “ez soilik haurrak, baita gazteak eta helduak ere. Animatu!”. Helbide honetan eman behar da izena: usurbildantzan@gmail.com .
Gogoan izan, badator Dantzaroa! Asteburu honetan bertan, dantzari gaztetxo eta helduen topaketekin:
Dantzaroa
Apirilak 22, larunbata: 5. Helduen Dantzari Topaketak
11:30 “Hala bazan!” emanaldiaren entsegu orokor irekia Aginagako frontoian.
17:30 Dantzarien argazki ofiziala udaletxean eta kalejira hasiera. Taldeak: Orbeldi, Ortzadar, Arantzarte, Haize Dulantzi.
18:30 Emanaldi nagusia frontoian.
00:00 Erromeria Iratzar taldearekin frontoian.
Apirila 23, igandea: 4. Dantzari Txiki Eguna
11:00 Dantzarien argazki ofiziala udaletxean eta kalejira hasiera. Taldeak: Egape, Jalgi, Ereintza, Murixka, Alkartasuna eta Orbeldi.
13:00 Emanaldi nagusia Usurbilgo frontoian.
16:30 Erromeria Elizagoien ahizpen eskutik Artzabalen.
Apirilak 29, larunbata: 11. Dantza Eguna
12:00 Kanta eta dantza kalejira, Kalezarko Felix Aizpurua plazatik hasita.
14:30 Kantu-bazkari irekia Udarregiko jantokian. Txartelak 15 eurotan salgai Artzabalen, apirilaren 25era arte.
18:00 Tranpaldo irekia Artzabalgo frontoian. Izen ematea: usurbildantzan@gmail.com helbidera idatzi.
22:00 “Hala bazan!” ikuskizuna frontoian.
Ondoren, otarraren zozketa.
00:00 Erromeria Bide Batez taldearen eskutik, Mikel Laboa plazan.
Antolatzailea: Orbeldi dantza Taldea.
Laguntzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.