650 Usurbil Bizi

Erakusketa eta bisita gidatuen herria

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 19a, 13:09

Usurbilek dituen altxor preziatuak ezagutzeko aukera ederra asteotan.

Batetik, 50 urte bete dituen Jose Luis Zumetaren frontoi atzealdeko muralaren sortze prozesuari buruzko erakusketa ikusgai izango dugu Sutegin. Bestetik, kultur-etxe atari horretatik abiatuta bisita gidatuak antolatu dira hurrengo asteotarako. Bestelako turismo eredua sustatzeko "650 Usurbil Bizi" egitasmoaren web orrialdean bideratu beharko dira izen-emateak. 

Zumetaren muralari buruzko erakusketa
Mende erdia bete duen Jose Luis Zumetaren frontoi atzealdeko muralari lotutako urtemuga hitzordu berria. Bere sortze prozesuaren nondik norakoak aurkeztuko dizkigun erakusketa izango dugu apirilaren 28tik aurrera.  Egun horretan, 18:00etan inauguratuko da Sutegiko aretoan. Zumeta Arte Estudioak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko ekimenaren baitan, Usoa Zumetak gidaturiko bisita berezia egingo da maiatzaren lehenean, 11:00-12:00 artean. Bertan parte hartu nahi dutenek 650usurbilbizi.eus atarian eman dezakete izena.

Maiatzaren 15era arte, zabalik izango da erakusketa ordutegi honetan: 
-Astelehenetan: 17:00-20:00 (maiatzaren 1ean itxita).
-Asteartetik ostiralera: 11:00-13:00 / 17:00-20:00.
-Larunbat eta igandeak: 11:30-14:00 / 17:00-20:00.

Antolatzaileen esanetan, "erakusketaren gaia muralaren sortze prozesua da, eta euskarri nagusia argazkiak izango dira". Horrez gain, "muralaren jatorrizko bozetoa, olio bat, estreinakoz ikusteko aukera izango da erakusketan, baita sortze prozesua Zumetaren ahotsean entzutekoa ere, Keixeta pintore eta zeramikariak 2016an egin zion elkarrizketaren bidez".

Bisita gidatuak
Gogoan izango duzue garai batean, herrian barrena ditugun altxorrak, artista ezberdinen sortze lanak ezagutzeko antolatzen ziren bisita gidatuak. Bueltan datoz. 650 Usurbil Bizi bestelako turismo eredua sustatzeko abian den egitasmoaren baitan, "Usurbil Museo Irekia" izeneko bisita gidatuak iragarri dira egunotarako: apirilak 29, maiatza 6, 7, 13, 14, 27 eta 28rako. 12:00etan abiatuko dira Sutegitik. "Usurbilgo kale, plaza eta hormetan ikus daitezkeen artelanak ezagutzeko" aukera izango da. "Lehengo zein oraingo izen handiko sortzaileen lanak aurki daitezke gure herrian, horregatik diogu Usurbil Museo Ireki bat dela, gure ondare aberatsa guztion eskura eta gozagarri dagoelako". Bisita gidatuak 3 euroko prezioa izango du, 18 urtetik beherakoek doan. Izena 650usurbilbizi.eus atarian eman ahalko da.