Hamar urte bete dituen Agerreazpiko udal baratzeetako lur sailak bost urterako esleitzera doa Usurbilgo Udala. Martxoaren 20ra arteko epea zabalik izan zuten interesdunek eskabideak aurkezteko. Prozedura horretan, pauso berria eman du orain; deialdira aurkezturiko eskabide onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda kaleratu du gaur. Horrekin batera, hamar eguneko alegazio epea irekiko du Udalak, maiatzaren 4ra arte alegia.
Horren ostean, onartuta eta baztertutako eskabideen behin-betiko zerrenda argitaratuko da. Dena den, zerrenda horretan onartuta egoteak ez du esan nahi partzela zuzenean adjudikatu denik: partzelen adjudikazioa egiteko beste zozketa publiko bat egingo da, Sutegin. Aurrerago jakinaraziko da zein egunetan izango den.
Lehentasunezko taldea
Guztira, 60 partzela esleituko ditu Udalak; 30 metro karratuko 36 eta 60 metro karratuko beste 24. Zozketa bidez erabakiko du nori esleitu baratza hauek guztiak. "Eskaeren artean lehentasun taldea osatuko dute langabetuek, jubilatuek, pentsiodunek, gazteek (gehienez ere 25 urte), familia ugariek, emakumeek eta udal baratzetako konpostatze komunitarioko arduradunek. "Lehen zozketa, lehentasuna dutenen artean izango da. Ondoren, partzelarik esleitzeko balego, gainontzeko eskatzaileen arteko zozketa izango da", udalaren prentsa-oharrean jasoa datorrenez.
Agerreazpiko udal baratzak 2013an esleitu ziren lehen aldiz, eta ordutik bost urtero egin da deialdi hau, 2018an azkenekoz. Aurtengoa, hirugarren esleipena da honenbestez. Deialdi honi buruzko informazio gehiago, otsailaren 27ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.