Zaintza lanak hizpide gaurko solasaldian

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 20a, 07:36

Zaintza lanak hizpide dituen solasaldia gaur Potxoenean.

Azaroaz geroztik, bestelako zaintza ekosistema bat eraikitzeko herri hau jorratzen ari den bidearen baitan, abian duten hitzaldi zikloko hurrengo saioa, ostegun honetan, apirilaren 20an, 18:00etan Potxoenean, "Zaintza lanak: autonomia eta burujabetza sustatzeko eredurantz" izenekoa. Gai honi buruz jardungo dute Izaskun Jimenezek eta Laura Fernandez Corderok. Hitzordurako gonbidapena usurbilkultura.eus plataforman eskura daiteke.

"Familiako gatazkak eta estresa kudeatzeko pilulak"
Hitz Aho Udarregi ikastolako guraso elkartearen eskutik, Nerea Mendizabalekin, apirilaren 27an 17:30-19:00 artean Potxoenean. Plaza kopuru mugatua izango dela ohartarazi du antolakuntzak. Gonbidapena doan eskuratu ahalko da usurbilkultura.eus plataforma bidez. "Presak, ordutegiak, betebeharrak, espektatibak... gure onetik ateratzeko baldintzetan murgilduta bizi gara. Saihesgarriak direnei aurre hartu eta saihestezinak direnak kudeatzeko pilulek, egunerokotasuna eramateko arintasuna eskainiko digute. Hitzaldiaren helburua gatazka eta estres maila altua izatera eramaten gaituzten elementuak ezagutzea eta egunerokotasunean gatazkak gutxitzera eta daudenak kudeatzera eramango gaituzten gakoak ezagutzea da. Eguneroko bizitzako adibideetan oinarritutako teoria aurkeztu ondoren, hausnarketarako eta galderak egiteko aukera zabalduko da". 

"Bizi amaierako prozesuak, dolua eta galerak"
Santuenea elkarteak antolatuta, apirilaren 28rako iragarria zuten arren, astebete, maiatzaren 5era arte atzeratu dute. Bihotzetik izeneko plataformako arduradun Javier Aramendia ariko da hizlari lanetan. "Bizi amaierako prozesuak, dolua eta galerak gizatiartu eta naturaltzea du helburu. Heriotza ardatz duelarik denok ditugun kezken inguruko solasaldia izango da. Gai praktikoak ere landuko dira: sedazioa edo eutanasia? Testamentua edo azken borondateak?". Hitzordura joan asmo duenak, aurrez izena eman dezake 670 027 731 telefono zenbakira deituta.