Haur Eskolaren finantziazioan aldaketa izango da datorren ikasturtean, Usurbilgo Udalak astearte honetan Sutegin eginiko bileran iragarri zuenez. Kalezarren kokaturiko eskolaren kuoten bi herenak bere gain hartuko ditu, gainerako herena familiek ordaindu beharko dute. Halere, kuota heren honi aurre egiteko, etxe bakoitzean dauden diru-sarreren arabera, hobarien sistemara jo dezaketela adierazi zuten. Hain zuzen, aipatu moduan, etxe bakoitzean dagoen diru-sarreren arabera, %50-90 arteko hobariak eskura daitezke.
Gogoan izan, hobarien sistema zabaltzea erabaki zuen Udalak eta erabaki hau indarrean dago 2022. urte hasieratik, "aberastasun banaketa justuago baten alde".
Hala, hainbat zerbitzu ordaintzeko hobariak jaso daitezke "ur, hondakin, estolderia, hileta, baratzen erabilera eta kirol instalazio (abonuez gain, lehen aldiz ikastaroetan), Haur Eskola zerbitzuetan eta Udajolasen". Beraz, aipatu moduan, baita Haur Eskola ordaintzeko ere; %50-90 arteko hobariak.
Udalak eskuartean dituen datuen arabera, neurri txikiago edo handiagoan 4.000tik gora herrikide izan daitezke hobarion onuradunak.
Haur Eskolako aurrematrikulazioa zabalik
Aste hasieratik zabalik da apirilaren 28ra arte 2023-24 ikasturtera begirako matrikulazio epea Haur Eskolan. Deialdia 0-3 urte artekoei zuzendua dago; bestela esanda, 2021-23 urte artean jaiotakoei.
"Behin ikasturtea hasita, Haur Eskolak eskaintzen duen zerbitzuaren beharra izango duzuela aurreikusten baduzue, matrikulazio garaian gurekin harremanetan jartzea eskertuko genizueke, epez kanpoko izen-emateei ezin baitiegu plaza eta ordutegia bermatu", ohartarazi dute Haur Eskolatik.
Matrikulatzeko hitzordua eskatu beharko da aurrez, informazio gehiago ere jaso daitekeen bideotatik hain zuzen:
943 36 12 16 (8:00-15:00 artean)
haureskola@udarregi.eus
Ugarte, 9