Emakumeen ahalduntze eskolak

Emakumeentzako ahalduntze eskolak, osasun-iturri

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 20a, 09:30

Argazkia:

Emakumeei zuzendutako ahalduntze ikastaro gehiago antolatu ditu asteotarako Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak. Dozena bat urteko ibilbide arrakastatsua egin dute tailerrok Usurbilen. Saio hauen bideratzaileetako batek Pepa Bojó Ballester psikoterapeutak eskola hauek dituzten onurei buruzko azterlana argitaratu du. Txostena osorik irakur dezakezue, gipuzkoa.eus atarian. Lerrootan elkarrizketatu du NOAUA!k.

Nolatan bururatu zitzaizun azterketa hau egitea?
Pepa Bojó Ballester: Ahalduntze eremuetan zer gertatzen den jakiteko gogoa nuen. Hori ez du inork ezagutzen, bertan gaudenok izan ezik. Aldaketak ikusten nindoan, eta udal hainbatek inbertsio garrantzitsua egin duenez, kontatu behar zela uste nuen.

Erregistratua geratzeko.
Bai, baita niretzat ere. Nabarmendu nahiko nuke bereziki Usurbil bultzada handia izan zela lan honetan. Lehen egunetik bertako teknikariak animatu ninduen, bestela ez nuen egingo.

Bizipenen bilketa gisa definitu daiteke zure azterlana?
Bai, zortzi udalerrietan 2018-19 artean bildutako bizipenak: Usurbil, Zarautz, Azpeitia, Arrasate, Oñati, Trintxerpe, Tolosa eta Urnietakoak. Ahalduntze ikastaroekin denbora gehien daramadan herriok aukeratu nituen. Emakume hasiberriak eta denbora zeramatenen saioak aztertu nituen.

Hasteko, zer da zuretzat ahalduntzea?
Pozten nau galdera hau egitea, edukiz husten ari baita. Ahalduntzea eraldaketa sozialerako kontzeptua da erabat, kontzeptu politikoa, ez psikologikoa. Herrien askapenerako edota pedagogian erabiltzen hasi ziren. Sektore edo herri zapalduek zapalkuntzaz kontzientzia hartu eta gizartea eraldatzeko erabiltzen da. Desberdinkeria eta injustizia betikotzen duten praktikak eraldatzera bideratua dago. Halere, egun, norbait gaitzeko, eskubideez kontzientziatu eta hezteko soilik erabiltzen ari da ahalduntzea. Aldiz, hezi nezake norbait baina ez kontzientziatu zein diren desberdinkeriak, zergatik gertatzen diren eta zer eraldatu beharko litzatekeen. Kasuotan, beraz, ez gara benetan ahalduntzen ari. Ahalduntzeko hori guztia egin behar da baina batez ere desberdinkeriaren jatorriaz eta feminismotik aldatu beharrekoari buruzko azterketarako gako teoriko eta sozialak eman behar dira, aldarrikatu dezaten, aldaketarako eragile izateko, emakumeok geure bizitzetan autonomia eta aukeratzeko gaitasun gehiago izateko, menpekotasun harremanak aldatzeko, eskubide sozialak konkistatzeko. Ahalduntzea eremu pertsonal, erlazional eta kolektibora zuzendua dago.

Hau guztia nola azaleratzen da ahalduntze talde batean?
Benetako aldaketa prozesuak izan nahi badira, prozesu luzeak izaten dira eta emakumeok denbora askoan parte hartzen dute taldeotan. Berdintasunari lotuagoak izan diren emakume gazteek berrikuspenerako tailer zehatzagoetan parte hartzen dute tarteka.

Zergatik parte hartzen dute ahalduntze saiootan?
Galdetzen diezunean osasuna da parte hartzeko arrazoi nagusia (%35en kasuan), bigarrena %24arentzat beste emakumeekin egotea, %20arentzat feminismoan sakontzeko baita. Emakume asko dago depresio edo antsietate arazoekin, autoestima onik gabe. Hortik hasi behar da, osasuna erreparatu beharra dago, horregatik izaten da prozesu luzea.

Nola eragiten da aldaketa?
Tailer guztietan nabarmentzen duguna da tratu onen harreman eredua sortu behar dugula, berdintasunezkoa, botere harremanen aurkakoa. Desberdinak izan eta pentsatu arren, garen moduan lasai sentitzeko espazio seguru bat, elkarri entzuteko, ez epaitzeko, aitortzeko. Espazio propioa izatea haratago doa ordea, zure bizitzan pentsatzea zer egin nahi dudan nik neure denborarekin. Hau oso eraldatzailea da, lehenbizi zugan pentsatzen hasi behar baituzu, eta zu erdigunean jarri. Emakume askok hori ez dute sekula egin. Nia ez da egon sekula erdigunean, lehenbizi besteak. Lehen aldaketa, zure burua lehenetsi, erdigunean jarri eta zer egin nahi duzun galdetzea litzateke. Egiten hasten zarenean, horrek aldaketak eragingo ditu zugan eta baita ingurukoen harremanetan, lehen hartzen ez zenuen denbora hartzen ari zara. Zereginak adostu eta mugak jarri beharko dituzu, zure espazio eta denborak errespetatuak izan daitezen. Modu horretan, harremanak eraldatzen eta ahalduntzen hasten gara. Mendekotasun harremanetatik irten eta posizio bereko harremanak sustatzen da, ez bakarrik etxean bikotearekin edo familian, baita lagunartean ere.

Aldaketa horiek, azkenean norberarengan eta ingurukoengan ere eragina badute.
Helburua ni nire bizitzarekin ahalduntzea da, eta hortik harremanak eraldatzea, berdintasunezkoak izan daitezen. Eta hurrengo urratsa, errealitatean gertatzen denaren jakitun izatea, klabe feministatik aztertzea.

Tailerron bidez, urteotan zer lotura eraiki duzu herri honekin?
Harreman oso estua dut. Usurbilen 2011tik nabil. Horrez gain, zerbait berezia du Usurbilek, agian oso gertukoa delako. Usurbil espazio familiar bat eraikitzen den leku kutuna da. Ni etxean bezala sentitzen naiz. Asko ikaten dut emakumeekin. Usurbilgoekin ikusten joan naizena da, adin askotako emakumeek parte hartu dutela jatorri sozial eta kultural oso desberdinetakoak. Haietako batzuk zioten espazio honetan ez bazen ez zirela topatuko. Orduan, ederra da ikustea nola sortu den haien arteko adiskidetasuna. Kalitate eta estimu handiko konplizitate harremana eraiki dute, niretzat hori zoragarria da. Herri txiki bat da, emakume konprometituak dira. Urte asko daramagu, taldeak osatzen segitzen joan dira, talde jendetsuak gainera, 20 lagunekoak. Prozesu pertsonal oso garrantzitsua egin dute.

Hasten denak segi egiten omen du.
Bai eta horrek esan nahi du ekarpena egiten diela eta aldaketak eragiten dituztela tailerrek, bestela ez lirateke itzuliko. Emakume batzuk gertatzen zaienari azalpena aurkitzen diete. Osasun egoerak, depresioak batzuetan lotura estua dute genero rolekin. Nik ez badut denbora niretzat, denbora besteak zaintzen ematen badut, ez badut nigan pentsatzen eta pentsatzen dudana isiltzen badut, gaixotzen noa. Emakumeei gertatzen zaiena ulertzea oso garrantzitsua da, eta gainera, errealitate hori aldatzeko tresnak jasotzen bazoaz, are garrantzitsuagoa da. Emakumeak ikusten goaz, tailerrok geure burua ulertzen laguntzen digutela, gauza askoren kausa ez dagoela geure gaitasun faltetan. Azalpenak ulertu eta herramintak ditugunean, eta gero espazio bat haiek asko baloratzen dutena,  emakumeen arteko harreman desberdinekin, epaiketarik gabekoa, elkar zaintzekoa, tratu onekoa, onarpena dagoena... horrek guztiak eraldatzen lagundu eta esperientzia hau errepikatzen laguntzen du.

Arrazoi ezberdinengatik ahalduntze saioetara heldu ezin duten emakume asko dago. Kezka eragiten dizu?
Nire azterlanako ondorioetako bat da, oso garrantzitsua da herriko zerbitzu komunitario guztiek zer eta zertarako egiten den jakitea. Saiakera hau Usurbilen egin genuen anbulatorioko langileekin. Oso interesgarria izan zen. Bestalde, ahoz ahokoak ere oso ondo funtzionatzen du. Halere, emakume hainbatengana ez dakigu nola heldu.

Emakumeen Etxearen irekiera ahalduntze prozesu luzean aurrerapauso garrantzitsua irudituko zaizu ezta?
Ahalduntze kolektiboaren garaipen garrantzitsua litzateke, fisikoki espazio hau existitzen dela ikustea.

Zure azalpenak entzunez, epe luzera baina eraldaketa hori posible da.
Duela 30 urte hasi nintzenean baino depresio gutxiago dute egun, tailerretara datozen adin tarte bereko (50-60 urteko) emakumeek. Emakumeen bizi baldintzak aldatu ahala, berdinzaleagoak direnean, osasuna ere hobetzen da. Badirudi hori gertatzen ari dela. Sintomak hobetzen dira halere, kasu batzuetan medikazioa murrizten da epe luzera. Autoestiman hobekuntza nabarmentzen dute, askoz hobeto sentitzen da %40a. Haien bizitzaz erabakiak hartzen dituzte, haien burua lehenesten dute, harremanetan espazio propioa dute. Badakite mugak jartzen eta hobeto, beste modu batera komunikatzen dira. Beraz bai, aldaketak daude haien bizitzetan, osasunean eta harremanetan.

Hortxe ahalduntze tailer hauen beharra.
Bai, azkenean ez da bakarrik norberarentzako onura. Harremanak aldatzen doaz. Komunitatea ere bai. Emakume gehiago geroz eta kontzienteagoak izan, beste gauza batzuk aportatzen ditugu.