Zerk bultzatuta animatu zineten?
Eneida Lasa: NOAUA!n irakurri nuen debalde zela emakumeentzako eta probatzera animatu nintzen.
Josune Estella: Ahizpa hasi zen eta animatu ninduen. Grina banuen mundu horrekin, zerbait irakurria nuen eta gainera emakumeentzat zerbait berria zen.
Nola oroitzen duzue lehen talde dinamika hura?
E.L.: Lehenengoan autoestima lantzen zen. Emakume desberdinak ginen, adin desberdinetako emakume asko, zoragarria; adinekoak zeuden, kanpotik etorritakoak. Asko ikasi genuen haiekin.
J.E.: Hasieran bi ikastaro batera antolatu ziren, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Euskarazkoa zoritxarrez ez zen gauzatu eta denok Pepa Bojoren adimen emozionalari buruzko ikastarora pasa ziren. Hasieran ez zen erraza izan, ez gaude talde dinamiketara ohituak. Beti ariketa batzuk egiten genituen saioa hasi baino lehen. Horrekin batera, Pepak zioen, bertan esandakoa bertan geratuko zela, talde bat ginela. Konfiantza horrekin hasi ginen denok biluzten. Bat hasi zen kontatzen, bapatean zuk aurkitzen duzu zure bizitzan halako bizipenak izan dituzula, hasten zara identifikatzen... Adineko emakumeek zer bizi izan zuten entzutea oso bortitza izan zen. Autoestima falta, nola joango naiz bakarrik edonora... Hasieran aitaren baimena behar zuten eta gero bikotearena.
Noiz eta nola azaleratzen doa ahalduntze saioetan bideratzen den eraldaketa?
J.E.: Adibidez, emakume batek adierazi zuenean bakarrik atera zela lehen aldiz paseatzera. Hasieran, itzultzekotan zegoela baina bakarrik joan naiz paseatzera zioenean.
E.L.: Ahalduntzea zer zen entzuten eta jakiten hasi ginen.
Zer esan nahi du zuentzat ahalduntzeak?
E.L.: Labur esanda, libre izatea.
J.E.: Geure gaitasunetan sinestea. Gai naiz nahi dudana egiteko eta hori egitea baimentzen naiz, nahi dudanean, zergatik ez?
Ahalduntze eskoletan jarraitzen duzue?
E.L.: Beteranak utzi genuen eta jende berria hasi zen. Urte batzuetara bueltatu nintzen doluari buruzko ikastaro berri batean parte hartzera, oso ona baita. Beste bizpahiru urte egin genituen, eta lanarengatik utzi egin genuen gero.
J.E.: Iaz arte parte hartu dut ikastaroetan. Azkena egin nuena gure emakume arbasoei buruzkoa izan zen, haiengandik jasotakoa aztertzeko.
Konfiantza aipatu duzue. Bideratzailearen, kasu honetan Pepa Bojoren egitekoak zer eragin du taldean?
J.E.: Konfiantza, jakinduria, nola tratatzen dituen gaiak, nola transmititzen dituen, eta azkenean zer konfiantza ematen dizun, sortzen duen giroa azkenean Pepak sortzen du. Ez bakarrik Usurbilen, beste udalerrietan ere indar hori transmititu duela ikusi da.
E.L.: Behin goitizenak jartzeko joko bat egin genuen. “Izar polarra” jarri nion, gure gida zen, oso argitsua. Bere ahotsaren magikoa da.
Zein da zuen ustez, herri honetan ikastaro hauek izaten duten arrakastaren gakoa?
J.E.: Guk beste emakumeei gomendatzeak eragin handia izan du. Urteak pasa ondoren emakume batzuk etorri izan zaizkit zer lagungarria izan zaien adieraztera. Gure arteko sarea sortzen joan da hala. Hau gehiago bultzatu behar da. Emakume askori medikuak esaten badie hau antolatua dago eta hau oso ondo etorriko zaizu, agian pilula hori ez duzu hartuko hemendik aurrera. Hor lanketa bat egin behar da.
Zergatik ikastaro hauek emakumeentzat bakarrik?
J.E.: Guk hala behar dugulako. Zoritxarrez gaur egun ezin dugu esan berdintasun batean gaudenik. Horrez gain, ze motxila daramagun kontuan hartu behar da, hori kentzen joateko lanketa egin behar dugu: gure sinesmenak, irakatsi digutena (emakume perfektua izan beharra, etxea eta familia oso ondo zainduak egon behar beharra...)... Esango dute ezetz, baina odolean daramagu. Oraindik lan handia dugu egiteke.
Talde dinamika hauetan, zer gertatuko litzateke gizonezko bat egongo balitz?
J.E.: Konfiantza hori ez litzateke egongo. Ez genuke hitz egingo hitz egiten genuen moduan.
E.L.: Biodantzara joaten naiz. Hor kontaktu fisiko gehiago dago. Bertan gizonezko bat egonda, agian ez ginateke hain libre sentituko.
Saretzearen garrantzia aipatu duzue. Hobetzekorik bada ahalduntze eskolaren bueltan?
J.E.: Zabalkundea. Emakume askorengana ez dira iristen. Inoiz parte hartu ez dutenentzat jakin dezaten, saio hauetan ez zaude behartuta hitz egitera, nahi baduzu entzuten egon zaitezke. Zure esperientzia ez zaude derrigortua partekatzera. Konfiantza eta askatasun osoa dago. Epaiketarik gabeko gunea da. Nahi baduzu saiatuko gara laguntzen, baina epaitu inoiz ez. Gainera, enpatia sortzen da.
Zer ekarpen egin dizue ahalduntze eskolak?
E.L.: Adibidez, negarra egitea ez dela batere txarra ikastea, oso onuragarria baizik. Emozioak nola landu ikasi dugu. Askoz lasaiago nago egoera askotan. Poztasun handiagoa dut bizimoduan.
J.E.: Neure burua maitatzen pila bat ikasi dut. Neure burua duela hamaika urte eta orain naizena alderatuta, aldaketa handia sumatzen dut. Oraindik lanean jarraitu behar dut, baina konfiantza izatea, gauzak egiteko benetan gai naizela ikustea, hori fisikoki nabaritu dut. Une bakoitza bizitzearen garrantzia ere asko landu dugu. Baita nola hitz egiten diogun geure buruari, eta hortik gero besteekin.
E.L.: Guretzat tartea hartzen ikastea. Ariketa bat hori zen. Astero opari bat egin behar genion gure buruari eta gero taldean komentatu.
J.E.: Taldearen babesa sentitzearen garrantzia. Egun txarra izan, hara iritsi eta babes hori sentitzeak laguntzen dizu.
Babesa aipatuta, Emakumeen Etxearen irekiera ahalduntze prozesuotan lagungarria izango da baita ezta?
J.E.: Erreferente bat izango da. Indartzen lagunduko du, agian jende gehiago mugitzen baita. Egoteko leku bat izango dugu, ikasitakoa lantzeko gune bat.
Zuen esperientziatik, beharrezkoa iruditzen zaizue ahalduntze eskola hauek antolatzen segitzea?
J.E.: Zoritxarrez bai, behar ditugu. Zaintza sisteman nola gauden ikusi besterik ez dago.
E.L.: Emakume gazteentzako ere oso ondo dago.
J.E.: Pepari eskerrak eman. Baita hau antolatzea bururatu zitzaionari ere, eskerrak, bihotz-bihotzez, parte hartu dugun emakume guztion partez.
Ahalduntze eskolek zer eragin izan dute zuen ingurunean?
J.E.: Beste emakume batzuen familiakoek, bai seme-alabek nahiz bikoteek ama edo bikotea Peparen saioetara joatea nola nabaritu duten kontatu izan dute. Benetan nabaritzen dela diote, ez dakigu non dagoen aldaketa, baina familiek nabaritzen zutela. Bere eragina du inguruan. Gu ondo bagaude, ingurua ere ondo egongo da.