Autolikidazio proposamenak onartu edota online nahiz modalitate mekanizatuan, modu guztietan errenta aitortzeko aukera duzue gaurtik. Ostegun honetatik aurrera, autolikidazio proposamena jasoa izan baina errenta modu mekanizatuan aurkeztu nahi dutenek hitzordua eskatzeko aukera dute jada. 2022ko errenta aitortzeko tramitazioa ekainaren 30a baino lehen bideratu beharko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasunak finkatuak ditu 2022ko errenta modalitate ezberdinetan aitortzeko datak. Honako hauek dituzue:
-Ekainaren 8ra arte (epea luzatu daiteke ordu libreak egonez gero): errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea.
-Ekainaren 30era arte: autolikidazio proposamenak ikustea eta onartzea, Internet bidez aitorpenak aurkeztea, baita
errenta mekanizatuaren aitorpena aurkeztea.
Informazio gehiago gipuzkoa.eus atarian edo 943 113 000 telefono zenbakian.
Errenta aitorpena euskaraz
Errenta euskaraz aitortzeko aukera izango dugu urtero moduan eta horretara animatu gaitu Usurbilgo udalerria kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), "herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian". Erakunde honetatik gogorarazi dutenez, "errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik, eta horretan eragin nahi dute UEMAk eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez".
Modu honetan egin dezakegu:
-Autolikidazio proposamena jaso dutenen kasuan: proposamena telefonoz nahiz online onartzerakoan euskaraz egin nahi duzula adierazi eta "aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu".
-Errenta mekanizatua aurkeztuko dutenen kasuan: hitzordua hartzerakoan Ogasunarekin euskaraz harremandu nahi duzula adierazi. Hala eskatuz gero, harremana hizkuntza berean izan dezakezu modalitate guztietan; aurrez aurre, online nahiz telefono bidez. Ogasunak sinatzeko emandakoa orria ere euskaraz jaso ahalko duzu.
-Internet bidezkoaren kasuan: errenta programaren euskarazko bertsioa Internetetik jaitsi eta "hobetsitako hizkuntza" atalean euskara hautatu dezakezu. Aholkularitzaren bat aukeratuz gero, "berariaz adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Beste modu batean egiten baduzu (finantza erakunde batean, esaterako), euskaraz egiteko eska dezakezu.
Hobaria NOAUA! K.E.-ko bazkideentzat
Adi baita NOAUA! K.E.-ren bazkideok; bazkidetzagatik hobaria aplikatuko zaizue errenta aitorpenean.