#M28

EHBilduk hautagaien zerrenda aurkeztuko du gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 21a, 07:19

Argazkia: Usurbilgo EHBildu.

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako osatu duen hautagaien zerrenda ezagutaraziko du gaur Usurbilgo EHBilduk.

Kanpaina giro betean gara jada. Maiatzaren 28an izango dira udal eta foru hauteskundeak. Gogoan izan, Usurbilgo udalbatza osatzen duten hiru taldeetako zerrendaburuak aurreko hilabeteotan eman dituzte ezagutzera. Usurbilgo EHBilduk beste urrats bat emango du orain. Zerrendaburua nor izango den ezagutarazi zuen otsailean; Agurtzane Solaberrieta Mesa izango da, egungo alkatea. Herri honen gidaritzaz arduratzeko bigarren legealdirako hautagai gisa aurkeztu zuen jendaurrean koalizioak iragan martxoaren 18an.

Aipatu moduan, orain, zerrenda hori osatuko duten gainerako kideak ezagutzeko aukera izango da. Usurbilgo EHBilduk hautagaien zerrenda osoa aurkezteko ekitaldia antolatu du ostiral honetan, apirilaren 21ean, arratsaldeko 18:30etan Mikel Laboa plazan. "Datozen udal hauteskundeetarako EHBilduren ekipoa aurkeztuko dugu!", iragarri du EHBilduk sare sozialen bidez. Zerrendaburua den egungo alkateak aurreratu duenez, "oso pozik datorren legealdirako osatu dugun zerrendarekin: eskarmentua, herrigintza, gaztetasuna eta gertutasuna uztartzen ditu, eta, batez ere, ilusioa eta gogoa herri hobeagoa eraikitzen jarraitzeko. Zatoz aurkezpenera!", egin die gonbita herritarrei.