Dantzaroa

Dantza giro beteko asteburua datorkigu

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 21a, 11:12

Orbeldiren Dantzaroan murgilduko gara asteburuan; 5. Helduen Dantzari Topaketak eta 4. Dantzari Txiki Eguna izango dugu Usurbilen.

Dantzari gaztetxo eta helduen topaketak eta Orbeldik hilaren 29an estreinatuko duen "Hala bazan!" ikuskizunaren entsegu saio orokorra, guztia erromeria giroz blaitua. Dantza batean datorkigu asteburua, ikusi bestela ondoko egitarau betea. 5. Helduen Dantzari Topaketak eta 4. Dantzari Txiki Eguna larunbat eta igandean, Usurbilgo nahiz Euskal Herriko txoko ezberdinetako taldeekin. Pare bat ohar, bestalde, apirilaren 29ko 11. Dantza Egunari lotutakoak. Batetik, herri ikuskizun berri bat plazaratuko dute Usurbilgo dantzariek. Ekimenok auzoetara zabaldu asmoz, larunbat goiz honetan Aginagan egingo dute estreinaldi aurreko azken entsegu saio orokorra. 2020rako, covid19ak bertan behera utzi zuen Dantza Egunerako prestatua zuen emanaldia da eskainiko dutena. 

Lehenago, ostiral honetan, apirilaren 21ean itxiko dute egun berean antolatu duten tranpaldo irekirako izen-ematea. "Ostirala izango da azken eguna, beraz, azkar ibili!", ohartarazi dute Orbelditik sare sozialen bidez. Egin beharrekoa honako hau da; abesti bat hautatu, koreografia plazaratzeko zerbait behar duten adierazi eta talde kide kopurua eta izena zehaztu. “Dantzarako modalitatea librea da”, adierazi dute Orbelditik. Hain zuzen, jakitun dira Orbelditik kanpo ere beste dantza modalitate batzuetan jarduten dutenak badirela herrian eta egiten dutena erakusteko “plaza ez dutenak”. Horretara animatzen dituzte “ez soilik haurrak, baita gazteak eta helduak ere. Animatu!”. Helbide honetan eman behar da izena: usurbildantzan@gmail.com .

Dantzaroa
Apirilak 22, larunbata: 5. Helduen Dantzari Topaketak
11:30 “Hala bazan!” emanaldiaren entsegu orokor irekia Aginagako frontoian.
17:30 Dantzarien argazki ofiziala udaletxean eta kalejira hasiera. Taldeak: Orbeldi, Ortzadar, Arantzarte, Haize Dulantzi.
18:30 Emanaldi nagusia frontoian.
00:00 Erromeria Iratzar taldearekin frontoian. 

Apirilak 23, igandea: 4. Dantzari Txiki Eguna
11:00 Dantzarien argazki ofiziala udaletxean eta kalejira hasiera. Taldeak: Egape, Jalgi, Ereintza, Murixka, Alkartasuna eta Orbeldi.
13:00 Emanaldi nagusia Usurbilgo frontoian.
16:30 Erromeria Elizagoien ahizpen eskutik Artzabalen.

Apirilak 29, larunbata: 11. Dantza Eguna
12:00 Kanta eta dantza kalejira, Kalezarko Felix Aizpurua plazatik hasita.
14:30 Kantu-bazkari irekia Udarregiko jantokian. Txartelak 15 eurotan salgai Artzabalen, apirilaren 25era arte.
18:00 Tranpaldo irekia Artzabalgo frontoian. Izen ematea: usurbildantzan@gmail.com helbidera idatzi.
22:00 “Hala bazan!” ikuskizuna frontoian.
Ondoren, otarraren zozketa.
00:00 Erromeria Bide Batez taldearen eskutik, Mikel Laboa plazan.

Antolatzailea: Orbeldi dantza Taldea.
Laguntzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.