Osakidetza defendatzeko deia larunbatean

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 21a, 10:03

"Beste behin ere, Osakidetzaren politikan aldaketa sakona eskatzeko, osasun publikoa, duina eta kalitatezkoa bermatzeko" Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek hainbat eragile sindikal eta sozialen babesarekin mobilizazio eguna deitu dute larunbat honetarako, apirilaren 22rako, EAE-ko hiriburuetan. Donostikoa 17:00etan abiatuko da Bulebarretik. Segidan duzue, deitzaileek kaleratu duten manifestua. Gogoan izan, bestalde, osasun sistema publikoaren defentsan beste bi greba egun deitu dituzte SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek Osakidetza osoan, maiatzaren 18an eta 19an.

Osasungintza publikoa indartu, Osakidetza suntsitzearen aurka
Kalitatezko osasun publikoa, duina eta unibertsala izateko eskubidea oinarrizko eskubidea da. Pertsona guztiok bermatuta izan beharko genuke eskubide hori. Hala ere, azken urteotan, eskubide hori nabarmen urratu da Euskal Autonomia Erkidegoan, Osakidetzak ematen duen arretaren narriadura larriaren ondorioz, batez ere Lehen Mailako Arretan.

OPA Herri Plataformak koordinakundean bildutako herri plataformek, hainbat erakunde sozial eta sindikalekin batera, dei egiten diete herritarrei apirilaren 22an, larunbata, Bilbon, Donostian eta Gasteizen Osasungintza Publikoaren alde egingo diren manifestazioetan parte har dezaten. Aukera bat da guztiok bat egiteko eta Eusko Jaurlaritzari, EAJri eta PSEri exijitzeko murrizketen politika geldiaraz dezatela eta 180 graduko bira eman dezatela Osasungintza Publiko duin eta kalitatezko baterantz.

Garrantzitsua da gogoratzea kalitatezko osasun publikorako eskubidea ez zitzaigula musu-truk eman, baizik eta aurreko belaunaldiek egindako borroka sozial luzeei esker konkistatu zela. Orain gure ardura da oinarrizko eskubide hori babestea eta defendatzea.

Osakidetza gaur egun dagoen egoera arduradun politikoek egindako plangintza eta kudeaketa luze eta negargarriaren emaitza da. Osasun publikoaren murrizketa-politikaren ondorioz, anbulatorioak itxi eta arreta-ordutegiak estutu dira, telefonoaren zain egon behar izan gara etengabe hitzordua hartzeko, arreta presentziala lortzeko gero eta zailtasun handiagoak daude, espezialista bat eskuratzeko itxaron-zerrendak izugarri igo dira, ebakuntza kirurgikoa egiteko epeak handitu dira, Lehen Mailako Arretako osasun-langileak etengabe ordezkatu dira, gure hizkuntza-eskubideak behin eta berriz urratu dira, besteak beste.

Beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak eta bere arduradun politikoek gure eskaerak entzutea eta konturatzea beren politikak eragin negatiboa duela herritarren bizitzan. Herritarren erakundeek eta sindikatuek hainbat ekimen egin dituzte egoera hori salatzeko eta osasun-politika aldatzea eskatzeko. Politika horrek egunero eta larriki eragiten die herritarrei oro har, eta, bereziki, sektore ahulenei.

Zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzaren erantzuna etsigarria izan da. Beren erantzukizuna onartu beharrean, dauden arazoak gutxitu dituzte, eta beste batzuei egotzi dizkiete "Osakidetzan aurre egin behar diegun zailtasunak", Urkullu lehendakariak duela aste gutxi adierazi zuen bezala. Duela gutxi, Eusko Jaurlaritzaren erantzuna izan da Ertzaintzaren bidez Osakidetzako garbiketa-azpikontratetako emakumezko langileen bidezko protesta bat zapaltzea, haien hitzarmena eskatzen zutenean. Horrek enpatia falta eta herritarren beharretatik aldentzea islatzen du.

Egoera horren aurrean, Osasun Publikoaren defentsa aktiboa egiten duten herritarren plataformak mobilizatzera behartuta gaude, beste behin ere, Osakidetzaren politikan aldaketa sakona eskatzeko, osasun publikoa, duina eta kalitatezkoa bermatzeko.

Era berean, uste dugu Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren dimisioa edo kargu-uztea, bere kudeaketa negargarria eta Osakidetzaren etengabeko gainbehera direla eta, ez dela nahikoa. Beharrezkoa da sistema aldatzea, herritarrek parte har dezaten eta parte-hartzea ezinbesteko faktore bihur dadin Osakidetzaren kudeaketan.

Apirilaren 22an Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo diren manifestazioetan parte hartzera animatzen ditugu herritarrak.