Literatura Lehiaketa

"Espero baino lan gehiago jasota, pozarren gaude antolatzaileok!"

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 21a, 11:00
Etumeta AEK euskaltegiaren irudia.

Etumeta AEK euskaltegiko kideak pozarren dira estreinakoz antolatu duten literatura lehiaketak izandako harrerarekin. Lanak aurkezteko epea itxi berritan, epaimahaiari dagokio orain txapelduna nor izango den erabakitzea.

Pozik eta esker oneko agertu dira Etumeta AEK euskaltegiko kideak lehenbiziko aldiz antolatu duten literatura lehiaketak sustatu duen parte hartzearekin. Astelehenean, apirilaren 17an itxi zuten sortze lanak aurkezteko epea. "Espero baino lan gehiago jasota, pozarren gaude antolatzaileok, herriaren erantzuna (beste behin) bikaina izan da. Eskerrik asko parte hartzaile guztioi!", adierazi die Etumeta AEK euskaltegiak saren duen blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek/ atariaren bidez.

Lanak jasota, epaimahaiaren txanda da orain. Kideok erabaki beharko dute zeintzuk diren lehiaketan nagusituko diren idazlanak. "Ez dute lan makala aurretik!", ohartarazi dute antolatzaileek. 18 urtetik gorakoei zuzendutako lehiaketara, gehienez, 650 hitzeko ipuin laburrak aurkeztu zitzaketen, gai librean, eta noski, euskaraz. Usurbilen erroldatuak daudenek edo euskaltegian bertan matrikulatuak dauden ikasleek parte har zezaketen.

Aztertu beharko dituzten sortze lanen artean txapeldunak zeintzuk diren, aurrez jakinarazia zuten moduan, ekainaren 7an ezagutuko ditugu. Egun horretan, arratsalde partean egingo duten sari banaketan izango da. "Idazle guztiok zaudete gonbidatuta, baita gainerako herritar eta kuxkuxerook ere, noski".

Etumeta AEK euskaltegiak iragarritako lehiaketa berri honetako oinarriei erreparatuta, sariok banatuko dituzte: 250 euro txapeldunarentzat, 50 euro aipamena merezi duen sortze lanarentzat eta oroigarri bana parte hartzaile guztiei. 

Etumeta AEK euskaltegiaren berri bideotatik jaso dezakezue:
https://blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek/bukatu-da-epea
607 609 379