#M28

"Maite dugun Usurbil elkarrekin eraikitzeko proposamena da gurea"

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 22a, 13:37

Datorren legealdirako eskuartean dituzten hainbat erronka aurreratu ditu Usurbilgo EHBilduk, hautagai-zerrenda aurkezteko azken orduotan egin duen ekitaldian.

Sei ardatzetan oinarrituriko 90 proposamen, haiekin "Usurbil duinagoa, kohesionatuagoa eta bizigarriagoa eraikitzen jarraitzeko". Halaxe aurkeztu du Usurbilgo EHBilduk, hurrengo lau urteotarako herri programa, hautagai zerrenda plazaratzeko ostiral arratsalde honetan Askatasuna plazan antolatu duen ekitaldian. "Maite dugun Usurbil elkarrekin eraikitzeko proposamena da gurea", iragarri dute koaliziotik. Modu parte hartzaile batean osaturiko herri programak mende honetako erronkei, bizi dugun une historikoari erantzun nahi die koalizioaren esanetan. "Krisi energetikoari, migrazioaren areagotzeari, populazioaren zahartzeari, gizarte dualizazioari, globalizazio digitalari, zein landa eremuen despopulazioari erantzuteko prestatu behar gara. Tokian eta tokikotik landu nahi ditugu erantzun horiek, komunitatea sortuz eta ehunduz".

Datorren 2023-27 urte arteko legealdi berrian, "Usurbil justuagoa, berdinzaleagoa eta bateratuagoa izateko politikak indartzera goaz, haustura sozialik gabeko herria ortzimugan. Herri jasangarriagoa eta bizigarriagoa izan nahi dugu, ingurumenarekin armonian biziko dena. Erronka ekosoziala gure agendaren lehen lerroan dugu. Kultura, euskara eta herri identitatea tokiko ekonomiaren motor gisa ulertzen ditugu, 650 Usurbil Bizi herri proiektuaren bidez, turismo eredu berritzailea oinarri hartuta. Elkar zaintzen duen herria izateko egitasmo aitzindariak martxan jartzera goaz. Gobernantza demokratikoan sakondu nahi dugu, egin nahi ditugun gauzak bezain garrantzitsua delako nola egiten ditugun, eta nola ez, euskal herrigintza sustatzen jarraituko dugu, inork inoiz ez digulako ebatsiko Euskal Herri independente, bizi, euskaldun eta berdinzaleago batean bizitzeko nahia", egungo udal ordezkari Beñat Larrañagaren esanetan.

"Pertsona bat, zaintza plan bat"
Albiste honetan beherago duzuen bideoa proiektatu dute. Bertan, amaitzear den 2019-23 legealdiko balantzea plazaratu dute. Datozen urteotarako eskuartean dituzten zenbait egitasmo ere aurreratu dituzte. Lehenbizikoa; zaintza komunitario publikoari, egun alor honetan herri hau eraikitzen ari den eredu aitzindari eta berritzaileari lotutako egitasmoak. Batetik, Matia eraikitzen amaitzen ari den zaintzadun etxebizitzen auzunea; tartean, bizi osorako sei etxe egokituko dira zaintza beharrean direnen eta haien zaintzaileentzat. Handik gertu, emantzipazio arazoak dituzten gazteentzako edota bakardade ez hautatuan bizi diren 65 urtetik gorakoentzako Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa martxan jarriko dute lehen bizilagun taldearekin, datorren udazkenetik aurrera. "Helburua argia da, elkar zaintzen duen herria izatea eta zahartzaro duina bermatzea usurbildarrei euren herrian bertan. Badugu horretarako plana eta plan horren barruan egitasmo batzuk martxan jarri nahi ditugu", zioen EHBilduren alkategai Agurtzane Solaberrietak.

Gisa honetan aurkeztu zuten bide-orria; "pertsona bat, zaintza plan bat". Bestela esanda, "pertsona bakoitzari egokitutako ibilbide pertsonalizatuak". Era berean, "zaintza komunitarioa egituratu nahi dugu", zaintza behar duen pertsonak bere komunitatean bizitzen jarrai dezan, "esate baterako, auzoetan, boluntarioz osatutako auzo zaintza proiektuen bidez". Lehentasuna jarri nahi dute baita, sarritan migranteak diren etxeko zaintzaileengan. Eta etxean ezin bada pertsona bat zaindu, etxean bezala sentiarazteko aipatutako ekipamenduak iragarri ditu EHBilduk.


Bizikleta eta oinezkoen herria
Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren (HAPO) baitan, Zubietan eginiko parte hartze prozesuan "mugikortasun aktiboa" sustatzeko nahia agertu zuten zubietarrek, bizikleta eta oinezkoen mugikortasuna lehenetsiko zuena. Santuenearekin lotu eta gainerako ibilgailuekin elkarbiziko zen bidegorri bat eraikitzea proposatu zuten. "Proiektu estrategikoa da EHBilduren irudiko ere, mugikortasun aktiboa sustatzeaz gainera, oinezkoen segurtasuna bermatzen duelako. Datorren legealdian, bidegorri hori gauzatzeko konpromisoa hartzen dugu", adierazi zuen Iratxe Begiristain hautagaiak.

Usurbilgo Kaxkoan ere, Kale Irekiak parte hartze prozesuan jaso bezala, herritar ororentzat "modu erosoan, berdintasunean eta segurtasunean" mugitzeko oinezko eta bizikletazko bide sareak lehenetsiko dituen "herrigune irisgarri eta bizigarria eraiki" nahi dutela gaineratu zuen. Horretarako, eskuhartze guztiok jasoko dituen exekuzio proiektu integral bat erredaktatu asmo du EHBilduk, gerora faseka gauzatu nahi dutena. 


Auzo eta herrietakoekin lankidetzan
Usurbil osatzen duten auzoei eta herriei dagokienean, bertako "bizi kalitatea eta herritarren ongizatea" hobetu nahi dute "komunitatearekin elkarlanean". Etxealdian auzotarrekin irisgarritasun plana osatu dutela gogorarazi du hautagai Ainhoa Arrozpidek. Planeko proiektu batzuk aurten gauzatuko direla aditzera eman du: San Esteban kalea irisgarriago bilakatzeko lanak, aparkaleku berria orain arteko jolastokian, edota aurrera begira, Kale Nagusia Etxealdiarekin lotuko duen igogailua eraikitzekotan dira.

Santuenean, auzotarrekin haien beharrak jasotzen dituen bi urteko lanketa bideratu eta eremua eraberritzeko etorkizuneko plana diseinatu dute. Auzotarrekin osatu duten koordinazio mahaian irisgarritasunari lotutako presazko arazoei aurre egin eta proiektu ezberdinak bideratzekotan dira. Obra ezberdinen artean den Kalezarren, "auzotarrek eskatua dute erdigunea oinezkotzea. Plan bat dugu haiekin eta proiektu hori ere martxan jarriko dugu". Aginagan ere bertako taldearekin "mahai iraunkor bat" osatu asmo dute proiektuoi heltzeko: "herri kooperatiba, gutxieneko zerbitzuak, auzo udala eta eskola txikia. Horrez gain, Aginagako saneamendu lanekin segitzeko asmoa dugu, Oria ibaira ur zikinen isurketa behin betiko amaitzeko".

Etxebizitza eskubidea denontzat
Etxebizitza duina izateko eskubidea bermatze bidean, besteak beste, herriko etxebizitza hutsak identifikatzeko diagnosia landu nahi dute. "Gaur egun, 105 etxe huts inguru identifikatzen dira" eta horiek "alokairu egoki, lorgarri eta arrazoizko prezioetan" bideratzeko plan bat osatu eta martxan jartzea" da EHBilduren beste erronketako bat, Jon Mikel Azpiazu hautagaiak iragarri duenez.

Jolasguneei buruzko prozesu parte hartzailea
Jolasak eta jarduera fisikoak haur eta nerabeen ongizatean eta osasun fisiko nahiz mentalean duten onuraz jakitun, Usurbilgo jolasguneak "haurren ohitura eta gogo berrietara egokitzea eta jolasaren inguruko ezagutzaren eta hausnarketaren bidetik ohiko jolasguneetatik haratago doazen proposamenak ere egitea" ahalbidetzeko, gai honi buruzko parte hartze prozesu bat ere abiarazi asmo dute, haur eta nerabeekin batera, EHBilduren hautagaietako batek, Xabat Belokik aurreratu duenez.