Dantzaroa

Dantzak inguratu du herria

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 23a, 18:22

Kalejira bizi eta koloretsuak zeharkatu du herria, 5. Helduen Dantzari Topaketaren baitan.

Herriko kaleak dantza batean jarri zituen larunbateko 5. Dantzari Helduen Topaketak. Udaletxe aurrean ongi etorriko talde argazkia aterata abiatu ziren herri erdigunean barrena. Kalejira buruan Usurbilgoak, Orbeldikoak. Atzetik Iruñeako Ortzadar, Igorreko Arantzarte eta Haize Dulantzi arabarrak. Hainbat geldialdi egin zituzten; Mikel Laboa plazan, Artzabalen, Munalurran edota Bordatxo aurreko biribilgunean.

Geltoki guztiotan talde bakoitzak egiten duen lanketa erakusteko aukera aparta izan zuten. Saio bizi eta koloretsuak eskaini zizkiguten, talde bakoitzak bidelagun zituen musikarien laguntzaz. Dantzak inguratu zuen herria.