Dantzaroa

11. Dantza Eguna ate joka

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 23a, 17:49

Asteburuko topaketen ostean, 11. Dantza Eguna apirilaren 29an.

Dantzari gaztetxoen eta helduen topaketen asteburuak berea egin du bai, baina Orbeldik egunotarako prestaturiko Dantzaroak ez. Hitzordu nagusietako batzuk, hurrengo larunbaterako utziak dituzte. Apirilaren 29an izango da hain zuzen, 11. Dantza Eguna!

Herriko beste eragileekin lankidetzan abiatuko du eguna; oraingoan, Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoekin. Apirileko azken larunbat horretan, hilero moduan kantu-jiran irteten dira. Oraingoan, hitzordua Dantza Egunez egokituko denez, euskal dantzak eta kantutegiak bat egingo dute kalejira berezi batean.

Orbeldiren ospakizunak auzoetara zabaltzeko ahaleginaren baitan, kantua eta dantza uztartuko dituen kalejira berezia hau Kalezar erdigunetik abiatuko dute. Biraren amaierarako kantu-bazkaria antolatu dute ikastolako jangelan. Otordu irekia edonorentzat, baina adi; txartelak asteartera arte izango dituzue salgai Artzabalen.

Herri ikuskizun berria
Bazkalosterako, dantza koreografia ezberdinak prestatu dituzten herrikideak dantzan ikusteko aukera izango dugu tranpaldo irekian, eta eguna amaitzeko, Orbeldikoek azken hilabeteotan ondu duten herri ikuskizuna plazaratuko dute. "Hala bazan!" izena du emanaldi berriak. Izatez, 2020ko apirilean eskaini behar zuten, baina garai hartan guztiok etxean ginen covid19a tarteko.

Ikuskizun hura berreskuratzea erabaki dute aurtengoan. Emanaldi osterako, erromeria giroa Bide Batez taldekoekin.

Dantzaroa
Apirilak 29, larunbata: 11. Dantza Eguna

12:00 Kanta eta dantza kalejira, Kalezarko Felix Aizpurua plazatik hasita.
14:30 Kantu-bazkari irekia Udarregiko jantokian. Txartelak 15 eurotan salgai Artzabalen, apirilaren 25era arte.
18:00 Tranpaldo irekia Artzabalgo frontoian. Izen ematea: usurbildantzan@gmail.com helbidera idatzi.
22:00 “Hala bazan!” ikuskizuna frontoian.
Ondoren, otarraren zozketa.
00:00 Erromeria Bide Batez taldearen eskutik, Mikel Laboa plazan.

Antolatzailea: Orbeldi dantza Taldea.
Laguntzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.