Sareren mobilizazioa eta herri-afaria, apirileko azken ostiralean

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 25a, 08:09

Hitzordu bikoitza apirileko azken ostiralean; Sarek deitutako mobilizazioa, eta segidan, Aitzaga elkarteak antolaturiko herri-afaria. Txartelak eskuratzeko azken egunak dituzue honako hauek.

Apirilaren 28a, hilabete honetako azken ostirala, hilero moduan, mobilizatzeko eguna. Sarek deitutako elkarretaratzea izango da Mikel Laboa plazan. Oraingoan, ordea, bigarren hitzordu bat ere izango da iluntze horretan. Herri afaria iragarri dute Aitzaga elkartean. Otordu berezia; prestatuko dutenak, iragan hilabetean zehar aipatu elkarteak antolaturiko sukaldaritza ikastaroan trebatu zirenak izango baitira. Haritz Arruti Elketa jatetxeko sukaldari usurbildarrak gidaturiko ikastaroan dozena bat herrikideek parte hartu zuten. "Martxoan zehar sukaldaritza ikastaroan parte hartu duten sukaldariek prestatuko digute menu goxo-goxoa! ", iragarri dute antolatzaileek.

Otordurako txartelak erosteko asteazken hau izango duzue azken eguna, Txiribogan edota Bordatxon. Dastatu ahalko duzuen menuaren nondik norakoen berri duzue segidan:

Apirilak 28, ostirala
20:00 Azken ostiraleko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
21:00 Herri afaria Aitzaga elkartean.
Menua: zizka-mizkak, ganba eta porruz beteriko hostarea, txerri masailak patata krema keeztuarekin. Azkenburukoa, kafea eta edaria (sagardoa, ura eta ardoa).
Txartelak: Txiribogan eta Bordatxon 20 eurotan eskuragarri, apirilaren 26ra arte.

Antolatzaileak: Usurbilgo Sare eta Aitzaga elkartea.