Dantzaroa

11. Dantza Eguneko kantu bazkarian lekua hartzeko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 25a, 08:05

Orbeldik Kantu Taldearekin antolatu duen otordurako txartelak eskuratzeko azken eguna duzue gaurkoa.

Dantzaro betean da Usurbil. Asteburuko dantzari gaztetxo eta helduen topaketen ondotik, atseden egunak dira honako hauek, zikloari behar bezalako amaiera emango dion 11. Dantza Egunaren aurretik. Larunbaterako, apirilaren 29rako, egunpasa borobila antolatu dute hain zuzen Orbeldikoek.

Bestelako ekitaldien artean, bada bat gaur nabarmendu beharrekoa; Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoekin batera iragarri duten kantu bazkaria. Udarregi ikastolako jangelan egingo den otorduak jan-edana eta kantua tartekatuko ditu, giro ederrean. Herri osoari zuzenduriko hitzordurako txartelak eskuratzeko azken eguna duzue astearte hau, hilaren 25a; 15 eurotan Artzabalen dituzue salgai.

Bazkalaurretik kanta eta dantza uztartuko dituen kalejira berezia iragarri dute bi taldeok. Bazkalosterako tranpaldo irekia eta gauean, "Hala bazan!" herri ikuskizunaren estreinaldia eta erromeria.

Dantzaroa
Apirilak 29, larunbata: 11. Dantza Eguna

12:00 Kanta eta dantza kalejira, Kalezarko Felix Aizpurua plazatik hasita.
14:30 Kantu-bazkari irekia Udarregiko jantokian. Txartelak 15 eurotan salgai Artzabalen, apirilaren 25era arte.
18:00 Tranpaldo irekia Artzabalgo frontoian. Izen ematea: usurbildantzan@gmail.com helbidera idatzi.
22:00 “Hala bazan!” ikuskizuna frontoian.
Ondoren, otarraren zozketa.
00:00 Erromeria Bide Batez taldearen eskutik, Mikel Laboa plazan.

Antolatzailea: Orbeldi dantza Taldea.
Laguntzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.