Mende erdia bete duen Jose Luis Zumetaren frontoi atzealdeko muralari lotutako urtemuga hitzordu berria. Bere sortze prozesuaren nondik norakoak aurkeztuko dizkigun erakusketa izango dugu apirilaren 29tik aurrera. Antolatzaileen esanetan, "erakusketaren gaia muralaren sortze prozesua da, eta euskarri nagusia argazkiak izango dira". Horrez gain, "muralaren jatorrizko bozetoa, olio bat, estreinakoz ikusteko aukera izango da erakusketan, baita sortze prozesua Zumetaren ahotsean entzutekoa ere, Keixeta pintore eta zeramikariak 2016an egin zion elkarrizketaren bidez".
Maiatzaren 15era arte, zabalik izango da erakusketa ordutegi honetan:
-Astelehenetan: 17:00-20:00 (maiatzaren 1ean itxita).
-Asteartetik ostiralera: 11:00-13:00 / 17:00-20:00.
-Larunbat eta igandeak: 11:30-14:00 / 17:00-20:00.
Zumeta Arte Estudioak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko ekimenaren baitan, Usoa Zumetak gidaturiko bisita berezia egingo da maiatzaren lehenean, 11:00-12:00 artean. Bertan parte hartu nahi dutenek 650usurbilbizi.eus atarian eman dezakete izena.
Hurrengo ekimenak
Urteko lehen hiruhilekoan zaharberritze lanak bideratu dituzte. Lanotara bisita gidatua ere antolatu zuten martxoa hasieran. Ostiralean inauguratuko duten erakusketaren ondotik, ekimen gehiago ere iragarriak dituzte Zumeta Arte Estudioak eta Usurbilgo Udalak, Jose Luis Zumetaren frontoi atzealdeko horma-irudiaren 50. urtemugaren harira.
Datozen hilabeteotan, "Hormaren Mintzoa" izeneko ekimena bideratuko da; bideo pieza artistikoen grabaketa Euskal Herrian ezagunak diren sortzaileekin. Horrez gain, Zumetaren horma-irudiaren parean, murala bera protagonista nagusia izango duen jaialdia ere iragarria dago herriko sortzaile eta kultur eragileekin. Azkenik, udazken parterako, Jose Luis Zumetaren eta Usurbilen arteko harremana aztertuko duen bigarren erakusketa.