Gogoan izango duzue garai batean, herrian barrena ditugun altxorrak, artista ezberdinen sortze lanak ezagutzeko antolatzen ziren bisita gidatuak. Bueltan datoz. 650 Usurbil Bizi bestelako turismo eredua sustatzeko abian den egitasmoaren baitan, "Usurbil Museo Irekia" izeneko bisita gidatuak iragarri dira egunotarako: apirilak 29, maiatzak 6, 7, 13, 14, 27 eta 28rako. 12:00etan abiatuko dira Sutegitik. Ordubete inguruko iraupena izango dute.
"Usurbilgo kale, plaza eta hormetan ikus daitezkeen artelanak ezagutzeko" aukera izango da. "Usurbil beti izan da Euskal Herriko kultur-gune erreferentzialetako bat eta bere lekua irabazi du Euskal Herriko kulturaren mapan. Usurbilera baldin bazatoz bere kaleetan murgiltzea eta paseatzea nahikoa izango duzu edonora eta begiratu eta artelan bat aurkitzeko. Kalean, plazetan, hormetan… Lehengo zein oraingo izen handiko sortzaileen lanak eta ondare aztarnak non nahi izango dituzu zure begiradaren zain. Gida baten laguntzaz ezagutu ahalko dituzu artelan hauek guztiak ordubeteko bisita gidatuan".
Hain zuzen, "lehengo zein oraingo izen handiko sortzaileen lanak aurki daitezke gure herrian, horregatik diogu Usurbil Museo Ireki bat dela, gure ondare aberatsa guztion eskura eta gozagarri dagoelako". Bisita gidatuak 3 euroko prezioa izango du, 18 urtetik beherakoek doan. 14 lagunentzako lekua egongo da. Izena 650usurbilbizi.eus atarian eman ahalko da.