CAF-Elhuyar Sariak banatuko dituzte gaur Sutegin

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 26a, 08:12

2023ko CAF-Elhuyar sariak Sutegin banatuko dituzte asteazken honetan, apirilaren 26an.

"Zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea". Horixe da, CAF-Elhuyar sarien helburua. Aurtengoak Sutegin banatuko dituzte, asteazken honetan, apirilaren 26an, 18:00etan auditorioan hasiko den ekitaldian. Sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin lankidetzan eta Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearen (NEIKER) babesarekin. 

Lehen sektoreari lotutako lanen sariketa
Interesdunek, i
ragan otsailaren 6ra arte hiru kategoriatako lanak aurkeztu zitzaketen: dibulgazio-artikuluak, zientzia-kazetaritzari eta sorkuntza-bekari lotutakoak. Alor hauetako zenbait lan saritzeaz gain, NEIKER saria banatuko dute baita. Dibulgazio-artikulu eta kazetaritza alorretan "lehen sektorearekin lotura duen lan onenari emango zaio. Beste sariekin bateragarria izango da; alegia, lehen sektoreko lan onenak, beste kategoria bateko onena ere baden kasuan, bi sariak jasoko ditu".

Artikulu saridunak argitaratzeko konpromisoa hartuko du Elhuyarrek, "
besteak beste, Elhuyar aldizkarian eta www.elhuyar.eus, aldizkaria.elhuyar.eus, eta www.zientzia.eus webguneetan argitaratu ahal izango ditu artikulu saridunak". Bide beretik argitara ditzake baita lehiaketara aurkeztu baina sarituak izan ez diren lanak. "Elhuyarrek bereganatzen ditu" hain zuzen, "artikulu saridunen ustiatze-eskubide guztiak (erreproduzitzeko, banatzeko, gizarteratzeko eta transformatzeko eskubideak barne)".

Adituek erabakitako sariketa
Sariketa honetarako epaimahaia "
zientzia eta teknologiako zein artearen munduko eta kazetaritzako adituek" osatu dute. Ehuyarrek izendatu ditu kideok:
-Dibulgazio-artikuluen eta zientzia-kazetaritzako lanen epaimahaia: Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillano, kazetaria eta idazlea; eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Elhuyar aldizkariko zuzendaria.
-Sorkuntza-bekaren epaimahaia: Lorea Agirre Dorronsoro, Jakin Fundazioko zuzendaria; Koldo Almandoz de La Cruz, zinema-zuzendaria; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologiako katedraduna; eta Irune Bengoetxea Lanberri, Elhuyarreko komunikazio-arduraduna.
-NEIKER sariaren epaimahaia: Arantza Madariaga Aberasturi, Elika Fundazioko zuzendaria; Pilar Santamaría Martínez, HAZI Fundazioko arloko burua; eta Rikardo Bueno Zabalo, BRTAko zuzendaria.

Sariak
Honatx apirilaren 26an Sutegin banatuko dituzten CAF-Elhuyar sarien berri:

- Dibulgazio-artikuluak. Kategoria honetan, euskaraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazio-lanak aurkeztu dira. Bi azpikategoriatan banatuta dago:

  • Dibulgazio-artikulu orokorra saria

     Saria: 2.000 euro, Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eta Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza.

  • Doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulua saria

         Saria: 2.000 euro, Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eta Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza.

- Zientzia-kazetaritza saria. Kategoria honetan, 2022an euskaraz sortu eta argitaratutako kazetaritza-lanak aurkeztu dira, edozein formatu eta generotakoak.

 Saria: 2.000 euro, Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eta Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza.
 

- Sorkuntza-beka. Kategoria honetan, gai zientifiko-teknologikoak gizarteratzeko beste modu batzuk lantzen dituzten proiektuak aurkeztu dira, euskaraz sortuak. Arlo zientifiko-teknologikoa eta gizartea modu berritzailean harremanetan jartzea izango da haien muina.

   Saria: 5.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat.

NEIKER saria dago. Lehen bi kategorietako lanen artetik (dibulgazio-artikuluak eta kazetaritzakoak) lehen sektorearekin lotura duen lan onenari emango zaio sari hori. Beste sariekin bateragarria izango da; alegia, lehen sektoreko lan onenak, beste kategoria bateko onena ere baden kasuan, bi sariak jasoko ditu. Saria: 2.000 euro, Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eta Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza.