"Familiako gatazkak eta estresa kudeatzeko pilulak" solasaldia gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 27a, 08:00

Egunerokotasuneko gatazkak kudeatzeko gakoak ezagutzea xede izango du, Hitz Aho Udarregi ikastolako guraso elkarteak antolaturiko saioak.

Hitz Aho Udarregi ikastolako guraso elkartearen eskutik, Nerea Mendizabalekin, apirilaren 27an 17:30-19:00 artean Potxoenean. Plaza kopuru mugatua izango dela ohartarazi du antolakuntzak. Gonbidapena doan eskuratu ahalko da usurbilkultura.eus plataforma bidez. "Presak, ordutegiak, betebeharrak, espektatibak... gure onetik ateratzeko baldintzetan murgilduta bizi gara. Saihesgarriak direnei aurre hartu eta saihestezinak direnak kudeatzeko pilulek, egunerokotasuna eramateko arintasuna eskainiko digute. Hitzaldiaren helburua gatazka eta estres maila altua izatera eramaten gaituzten elementuak ezagutzea eta egunerokotasunean gatazkak gutxitzera eta daudenak kudeatzera eramango gaituzten gakoak ezagutzea da. Eguneroko bizitzako adibideetan oinarritutako teoria aurkeztu ondoren, hausnarketarako eta galderak egiteko aukera zabalduko da". Hitzordurako gonbidapena usurbilkultura.eus plataforman jaso dezakezue.

"Pantailen erabilera egokiaren inguruko hausnarketa"
Saioa maiatzaren 2rako iragarri du Hitz Aho Udarregi ikastolako guraso elkarteak, arratsaldeko 17:00etan Potxoenean. "Pantailen erabilera egokiaren inguruko hausnarketa Zarauzko Guraso Elkartearekin: “Gure aukera, guk 16”. Tailer honetan, interesa duen orok kezkak plazaratzeko eta lantzeko aukera izango du". Hitzordurako gonbidapena, usurbilkultura.eus plataforman eskuratu ahalko da.

"Bizi amaierako prozesuak, dolua eta galerak"
Santuenea elkarteak antolatuta, apirilaren 28rako iragarria zuten arren, astebete, maiatzaren 5era arte atzeratu dute. Bihotzetik izeneko plataformako arduradun Javier Aramendia ariko da hizlari lanetan. "Bizi amaierako prozesuak, dolua eta galerak gizatiartu eta naturaltzea du helburu. Heriotza ardatz duelarik denok ditugun kezken inguruko solasaldia izango da. Gai praktikoak ere landuko dira: sedazioa edo eutanasia? Testamentua edo azken borondateak?". Hitzordura joan asmo duenak, aurrez izena eman dezake 670 027 731 telefono zenbakira deituta.