Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioan bizi nahi dutenen hautagaien zerrendak kaleratu ditu Usurbilgo Udalak. Zehazkiago esanda, otsailaren 28a baino lehen izena eman zutenen onarturiko eta bazterturiko eskaeren behin-behineko zerrendak plazaratu ditu. Gogoan izan, emantzipazio arazoak dituzten 18-30 urte arteko gazteek eta 65 urtetik gorako herrikideak elkarbizitzen jarriko dituela egitasmo aitzindari honek.
Bi kolektibo hauekin zerrenda bana osatu du Udalak. "Udal zerbitzuek, baremazio eta esleipen prozedura erregelamenduan jasotakoaren baitan, aurkeztutako eskaerak aztertu ondoren, talde bakoitzeko onartutako eta baztertutako zerrenden proposamen bana egin dute", Udaletik azaldu dutenez.
Gazteenean, 23 izan dira onarturiko eskabideak, bakarra baztertua. Lau eskaera aurkeztu dituzte bina lagunek bi logelako etxebizitzetarako, eta banakako beste 19 eskaera logela bakarreko etxebizitzetarako. 65 urtetik gorakoen artean, lau eskaera onartu eta beste bi baztertuak izan dira. Ia denak bi gelako etxebizitzak eskatu dituzte. Orohar, Txirikordan bizitzeko 30 eskabideez osaturiko zerrenda argitaratu du Udalak. Batetik, Udaleko iragarkien taulan duzue ikusgai, baita usurbil.eus atarian ere.
Behin-behinekoak dira onarturiko zein bazterturiko eskabideen zerrendok, apirilaren 25eko 2023/411 alkate dekretu bidez. Hauei alegazioak aurkezteko epea zabaldu du Usurbilgo Udalak, zehaztu duenez, maiatzaren 5era arte, "beharrezkoa ikusten badute, ondoen deritzoten erreklamazioak aurkezteko".
Epe hau igaro ostean, "behin betiko zerrenda argitaratuko da", iragarri du Udalak. Gogoan izan, 16 bizilekuz osatua dagoela Txirikorda. Izatez, zortzina bizileku erreserbatuak ditu Udalak; zortzi 18-30 urte arteko gazteteentzat eta beste zortzi 65 urtetik gorakoentzat. 65 urtetik gorakoei zuzenduriko etxebizitzak, Gizarte Zerbitzuetako langileen baremazio bidez esleituko dira, gazteenak zozketa bidez. "Zozketa publikoa izango da, eta behin betiko zerrenda publikatzen denean jakinaraziko da zein egunetan eta non izango den".
TXIRIKORDA BELAUNALDIARTEKO ETXEBIZITZA KOMUNITARIOA
Nori zuzendua: etxejabeak ez diren 18-30 urte arteko gazteei eta 65 urtetik gorako helduei.
Helburuak: gazteen emantzipazio beharrei eta adinekoen bakardade edota etxebizitzako irisgarritasun arazoei aurre egitea.
Kokagunea: Ugartondoko urbanizazio berria, Ugarte baserriaren ondoan.
Etxebizitza kopurua: 16. Kolektibo bakoitzarentzat zortzina etxe. "Kolektiboren batean ordezkariek ez balego, 2-3 etxebizitza erreserban utziko lirateke. Itxaron zerrenda osatuko da etorkizuneko bajak betetzeko".
Etxebizitzen ezaugarriak:
-Logela bakarreko 12 etxebizitza eta biko beste lau.
-Etxebizitza bakoitzak egongela, sukaldea, komuna, logela(k) eta terraza ditu. Baita espazio komunak ere: terraza teilatuan, portxea sarreran, garbigailuak, biltegiak, sukaldea, jantokia, egongela, liburutegia eta erabilera anitzeko gela.
Elkarbizitza:
-Espazio autogestionatua izango da: bakoitzak bere etxe pribatua izango du, baina aldi berean, espazio komunak partekatuko ditu gainerako bizilagunekin.
-Komunitateak ezarriko ditu espazio partekatuak zeintzuk diren, baita "garbiketa txandak, erabilpenak eta ordutegiak".
-Norbanakoen eta kolektiboaren kontsumoak bereizi egingo dira. Erosketak, harpidetzak zein ondasun kolektiboen kontsumo adostuak sustatuko dira.
Esleipena:
-2 urte baino gehiagoz Usurbilen erroldatua egotea.
-Eskaera norbanako moduan edo bizi nahi duten pertsonekin batera bideratu ahalko da, "betiere guztiek baldintzak betetzen badituzte". Logela bat edo bi behar diren zehaztu beharko da.
-Eskatzaileek Udalak eskainitako formakuntzan eta prestaketan parte hartu beharko dute.
-Gazteen kasuan: zozketa bidez esleituko dira etxebizitzak gehienez 5 urterako. Esleipena egiten den unean 18-30 urte izan beharko dituzte eta ezingo dute etxebizitzarik jabetzan izan.
-Helduen kasuan: gizarte zerbitzuek eskatzaileen beharrak neurtzeko baremazioa egingo dute. 5 urtekoa izango da etxebizitzen esleipena, baina luzagarria, "etxea esleitu uneko egoerak bere horretan jarraitzen badu".
-Errenta diru-sarrera guztien %15 izango da, hilero 90 euroko gutxienekoa ezarrita.
-Etxea jabetzen duten helduen kasuan, "bi urtez egon beharko dute Usurbilen erroldatuta, eta etxebizitza jabetzan izanez gero, urtebeteko epean parke publikora alokairuan ateratzeko konpromisoa hartu beharko dute".
Txirikordan bizitzeko konpromisoak:
-Komunitatean bizitzea: bestearekiko errespetua, parte-hartzea eta komunitateak banaka zein taldean egiteko adostutako lanak egiteko konpromisoa, astean ordu batzuk komunitateari eskaintzea.
-Energia berriztagarrien zein bertako kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten du.
-Txirikordak Usurbilgo bizitza publikoan eragile aktibo izan nahi du: "beraz, barruko zein kanpoko jarduerak bultzatuko ditu".
Obren amaiera: 2023. urtea.
Informazio gehiagorako: usurbil.eus/txirikorda / 943 371 951.
Iturria: Usurbilgo Udala.