Inma Balda, ikuskizunaren narratzaile berria: “Ezkutuan dagoen ahots hori izango naiz”
Dena prest duzue?
Inma Balda: Dagoeneko prest dugu dena. Hainbat entsegu saio egin ditugu. Gogoz aritu gara lanean, eta neure ustez bere puntuan dago ikuskizuna.
Taldeko dantzaria zara, baina aurten egiteko berria izango duzu.
Oraingo honetan, ipuin bat kontatzen da eta ipuin guztietan narratzaile bat bada. Niri egokitu zaidan lana aurtengo honetan, narratzailearena da. Ezkutuan dagoen ahots hori izango naiz. Testuari ahotsa jarriko diot. Dantzariak, aktoreak eta abar... haiek eramango dute aurrera ikuskizuna. Ni, ezkutuan dagoen ahotsa besterik ez naiz izango.
Nola irudikatu behar dugu zure prestaketa lana?
Lehenik, antolatzaileek ze ideia eraman nahi zuten aurrera, horretaz jabetu naiz. Gero, ideia horiekin lehenengo testu bat sortu, gorpuztu. Segidan, antolatzaileek berriro sortutako testuari forma gehiago eman diote. Hain zuzen ere, uztartu beharra zen testuan adierazten dena ikuskizunarekin. Hori guztia lotu ondoren, nirea gero erraza izan da; testuaz jabetu eta testuaren irakurketa interpretatiboa egitea, narratzaileari dagokiona.
Esperientzia berria ezta? Zer moduzkoa?
Niretzat esperientzia berria da. Oso aberasgarria izan da, kontentu nago. Hasiera batean ez nuen ikusten neure burua horretarako gai izango nintzenik. Irakurketan ohituta nago, baina musikarekin, dantzarekin eta aktoreekin testua irakurtzea eta interpretatzea, horiek guztiak uztartzea, niretzat oso lan aberasgarria izan da.
Ahotsa zaindu behar egunotan.
Halakoetan badakizu, urduritzen garenean beti punturik ahulenena jotzen du. Nire kasuan ahotsa da. Irakaslea izanik, ahotsarekin lan egiten dut eta ahotsa dut punturik ahulena, horren beldur naiz. Ikusten duzunez, historiaren haria eraman behar dut. Ahal duguna egingo dugu.
Honez gero, trikimailurik irakatsiko zizun zure ogibideak.
Ur asko edan behar da. Eta isilik egoteak ere asko laguntzen du.
Errepikatzeko moduko esperientzia izaten ari da?
Une honetan bai. Ikusiko dugu gero ze erronka planteatzen dituzten. Ze badakizu, behin gauza bat ondo ateraz gero, hurrengo erronkak zailagoa izan behar du. Beraz, ikusiko dugu.
Hitz gutxitan, zure narrazio lanetik ikuskizunaz ezer aurreratzerik bai?
Badakizu, herri ipuinek beti dute entzule edo irakurleentzako mezu bat. Ba arreta jarri mezuan.
Andoni Arzallus eta Salbatore Arruti, ikuskizuneko musikarien taldeko kideak: “Dantzariak gure gain oinarritzen dira”
Musikak zer funtzio betetzen du ikuskizunean?
Salbatore Arruti: Musika eta dantza oso lotuak daude eta dantza behintzat musika gabe ez dut ulertzen. Paper garrantzitsua jokatzen duela uste dugu, guztiak borobiltasun bat izateko.
Andoni Arzallus: Azkenean, batez ere, antzerki honen hastapenetan, egia da aurrez grabatutako musikarekin jokatzen zela. Usurbil nahiko herri musikaria izanda, bertako musikarien laguntza eskatzen hasi zen dantza taldea. Ondo etorri zaigu denoi, dantzak eskatzen duenaren arabera kantak moldatzeko. Orduan, egia da baza handi bat dugu musika zuzenean izanda.
Musikari talde bat zarete, baina ez talde egonkor bat.
A.A.: Talde honi Santueneako banda deitzen diogu, lehenengo musikariak Santueneko frontoi ondoko lokalean entseatzen hasi zirelako. Baina egia da, ez gara talde finko bat, Usurbilgo musikariak gara, emanaldiari musika jartzeko propio ikuskizun honetarako bildutakoak. Instrumentuak erabiltzeko aukera handia dugu eta lehen esan bezala, dantzak edo abestiak eskatzen duen beharretara moldatzeko erraztasun handia dugu.
S.A.: Kasu honetan, aurten ikusi dugu zer errepertorio genuen, eta horren arabera pentsatzen genuen hasieran ze instrumentu beharko genituen eta horiek bilatzen saiatu gara. Horregatik aurten kide berri batzuk ditugu.
Nola josten duzue musika dantza ikuskizun honekin?
S.A.: Hasiera batean, dantza taldekoek jakinarazten digute zer kanta nahi dituzten interpretatu, eta horren arabera, zerrenda dugunean ikusten dugu gure aukeren artean zer nola molda ditzakegun. Horrek entsegu lokalean denbora asko eskatzen digu, musikari bezala erabakitzeko kanta bakoitzari ze ukitu eman eta nola jo dezakegun, gure aukerak ikusita.
Nola ikusten duzue emanaldi hau zuen lekutik?
A.A.: Leku oso pribilejiatua dela esango nuke. Leku nahiko berezia da eta bere xarma du hortik bizitzeak. Azkenean, ez gara protagonistak baina hor gaude ikuskizunaren zati garrantzitsu bat betetzen. Gustuko dut leku hori.
S.A.: Erantzukizun handiko postu bat da, azkenean dantzariak gure gain oinarritzen dira beraien dantza egiteko. Orduan guk ere akats asko ezin ditugu egin, ikuskizuna ondo atera dadin.
A.A.: Musikarik gabe, nahi edo ez, dantzarik ez dago. Guk akats gutxi egin ditzakegu, dantzariak gure esperoan izaten dira.
Hamaikagarren ikuskizuna da hau. Zer bilakaera izan du?
S.A.: Nire bosgarren edo seigarren emanaldia izan da. Oso diziplina desberdinak batzen dituen bakarrenetarikoa da herrian. Herrigintzako ekintza gisa, balio handia izan du hasi zenetik eta orain arte mantendu da.
A.A.: Politena iruditzen zaidana da, ikustea herriko ia 40 pertsona denak batera ekimen bat herritik eta herriarentzat egiten. Hori da emanaldi honek ematen duen gauza politena.
Herri ikuskizun bat da hau.
A.A.: Dantzariak, musikariak, antzezleak... modu honetan batzen dituenik ez dut ezagutzen.
S.A.: Dantza taldeak hasi eta mugitzen du ekimen hau. Baina azkenean diziplina ezberdinak hartuta herri osora zabaltzen den ikuskizuna da eta badu bere pisua herrigintzan.
Nola doaz prestaketa lanak?
A.A.: Azken gauza batzuk fintzea falta da. Urtero bezala, istorio ezberdin bat kontatuko du ikuskizunak. Lan polita egin dugu dantzariek eta musikariek. Emaitza herriari gustatuko zaiolakoan nago.
S.A.: Datu gisa, emanaldi hau 2020an plazaratzeko pentsatua zegoen, baina pandemiak dena geratu zuen, eta aurten, hiru urte beranduago, ikuskizun hau berreskuratu dugu. Jendeari asko gustatzea espero dugu, gu ilusioz gaude.
Asteotako Dantzaroa nola ari zarete bizitzen?
A.A.: Hemengo musikariak izateaz gain, Usurbilgo txistulari taldeko kideak ere bagara eta dantzariekin topaketetan egotea egokitu zaigu.
Txistulari talde historikoko kideak zarete biok. Erreleborik bada zuen taldean?
A.A.: Oraintxe bertan erreleborik ez diogu ikusten momentuz. Salbatore, ni, Aitor Pagola eta nire anaia Iñigo gaude. Gutaz gain ez dator atzetik inor segida emateko. Momentuz, eusteko moduan gara halere. Kontua da gero gure lekukoa nork hartuko duen.