Zumetaren muralak 50 urte

"Zumetaren asmoa lortu da, artea kalera eta jendearengana hurbiltzea"

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 29a, 10:07

Datozen bi asteotan Sutegin zabalik izango den Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko muralari buruzko erakusketari eta horren harira kaleratu duten katalogoari buruzko zenbait xehetasun ere aurreratu dituzte, ostiral honetako irekiera ekitaldian, artelan hau egin zen testuingurua gogora ekartzearekin batera.


Horretan jardun dira Zumeta Arte Estudioak eta Usurbilgo Udalak sustaturiko egitasmo honetan parte hartu duten bi arte historialari; Ismael Manterola eta Mikel Onaindia. Onaindiaren esanetan, 50 urte bete dituen Zumetaren sortze lan erraldoia "oso obra indartsua da, baina atzean dagoen lana oso ikusgarria", behatu dituen dokumentuetan ondorioztatu ahal izan duenez. Erakusketaren prestaketa lanetan parte hartu duen arte historialariak mural honen sortze prozesuari buruzko zenbait datu nabarmendu nahi izan ditu. Esaterako, 1973an sortu zuela Zumetak berak hala sinatu arren, urtebete beranduagoakoa da frontoi atzeko artelana. "Urtebetez egon zen lanean, 1973ko apiriletik 1974ko apirilera".

Nolatan bururatu zitzaion artelan erraldoi hau egitea ere azaldu nahi izan du. "1966an Gaur taldearen kide gazteena eta pintura abstraktuaren protagonista nagusietako bat izanda, pintura mihisetik haratago joatea buruan zeukan". Horrela, mural batzuk sortu zituela gogorarazi du Onaindiak, tartean 1968an Irunen, baina "Usurbilgo hau, bere herrikoa da mural handiena eta interesgarriena". 

"Mural honen indarra"
1972. urte amaieran aurkeztu zuen Jose Luisek frontoi atzeko sortze lanaren proiektua. "Bi erronka nagusi zituen", oroitu du Onaindiak. Batetik, tamaina, 145 metro karratuko artelana zen, eta "ez zuen sekula zeramika landu". Urtebeteko prozesuan egindakoa, "esperimentazio lan izugarri bat" izan zela dio arte historialariak. Hain zuzen, bide horretan "prozesuan sekula ez zuen ikusten osotasunean. Horregatik, ikusgarria da aretoan dagoen jatorrizko pintura gero nola eramaten duen eskalan mural handira, nola mantentzen duen horman, zeramikan, freskotasun, dinamismo eta indar hori". 

Muralaz ari gara, baina ez du ahaztu nahi izan frontoi atzeko artelanak begira duen pareko plaza, egun Mikel Laboa izena duena. Eremu hori ere Zumetak diseinatu zuen muralaren osagarri gisa, "hasiera batean umeentzako. Parte hartze soziala bermatuko zuen espazio bat, txirrista eta guzti". Xehetasun gehiago, prestatu duten katalogoan eta erakusketan aurki daitezke, "Antton Elizegiren argazkiekin islatua". Argitalpen eta erakusketa hau bisitatzean edota muralaren parean jartzean, bakoitzak egin ahalko du bere irakurketa. Onaindiak bere aldetik, "mural honen indarra" nabarmendu nahi izan du Sutegiko irekiera ekitaldian.



Artea herriarentzat
Zumetaren murala garaiko testuinguruan kokatu nahi izan du, bestalde, Ismael Manterola arte historialariak. 1973, frankismo urteak. "Nola da posible halako lan bat egitea Usurbilen 1973. urtean?". Kultur berpizkundearen baitan sortu zen Gaur taldeko kidea zen Zumeta. "Haien helburua ez zen bakarrik artea egitea, artea herriarentzat egitea eta kalean jartzea". Baina "nola jarri pintura bat kalean?" galdetzen zuen Manterolak, hortxe artista usurbildarraren lehen erronka. Zeramika baliatuta aurre egin ahal izan zion, teknika honek "aukera ematen du artelan handi bat egiteko, batez ere moduluen bitartez egiten delako, zati txikiz egiten delako. Bestalde, oso iraunkorra da, euriarekin edo haizearekin ez da horrenbeste kaltetzen eta horrek posible egin zuen halako lan bat egitea". 

Nahiz merezitako garrantzia ez zaion aitortu frontoi atzeko artelanari, Manterolaren esanetan. Eta horrek azalpen argia du arte historialari honen hitzetan. "Arte historialariak oso klasistak gara eta hierarkiak jartzen ditugu artelanen inguruan. Dudarik gabe, pintura da arterik garrantzitsuena. Horregatik, zeramika lanak beti bigarren mailan jarri izan dira. Horregatik, ez zaio horrenbesteko garrantziarik eman orain gutxira arte". 

Halere, Zumetak Usurbilen egin zuen moduan, garai beretsuan nazioartean "zeramika erabiltzen zen batez ere muralgintzan, artelanak kalera ateratzeko, jende guztiak harreman zuzena izateko artearekin". Baita usurbildarrek ere frontoi atzeko sortze lanarekin. "Nola hartuko zuten garai hartako usurbildarrek lan hori?" , galdetu zuen Manterolak. "Agian guk baino askoz hobeto. Egia da talde hau oso integratua zegoela gizartean eta beraien lana ez zuten hain arrotz ikusten, eta ikusten bazuten ere, konfiantza handia zuten artistek egindako lanengan, konfiantza zuten artista horiek zerbait berezia eta garrantzitsua egiten ari zirela". Horren harira, erakundeek ahalbidetu bazuten ere artelan hau gauzatzea, "usurbildarrek beraiek ere oso ondo barneratu zuten" artelana. Ondorioz, zioenez, "Zumetaren asmoa lortu da, artea kalera eta jendearengana hurbiltzea".