Zumetaren muralak 50 urte

"Muralaren errelatoa osatu dugu"

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 29a, 10:22

50 urte bete dituen Jose Luis Zumetaren murala hobekiago ezagutu nahi duenak, datorren hamabostaldian Sutegira joan besterik ez du; ostiral honetan ireki duten erakusketara hain zuzen. Zumeta Arte Estudioak, Usurbilgo Udalak eta 650 Usurbil Bizi egitasmoko kideek sustatu duten ekimenaren nondik norakoak aurkeztu zituzten atzoko inaugurazioan.



"Ez genuen urteurren hau oharkabean pasatzerik nahi", Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak inaugurazioan adierazi zuenez. Zergatia argi azaldu zuen; "artelan hau Usurbilgo herriaren erakusleiho nagusia delako, gure herriak duen altxor nagusietakoa delako eta altxor hau, artelan hau Euskal Herriko artelan esanguratsuenen artean ere leku propioa izatea nahiko genuke".

Arrastoa utzi baitu kanpoan, baita herrian ere. "Ezin da Usurbil ulertu Zumetarik gabe, Jose Luis Zumetak eta Usurbilek osatzen dutelako binomio banaezin bat", alkatearen esanetan, "gure herri izaerari arnasa emateraino. Izan ere, Zumetaren mundu artistikoa, formak, koloreak, osagai ezinbestekoak direlako gure herri iruditerian eta bere obra izengabeek Usurbilen eta usurbildarren bihotza okupatu izan dutelako betidanik". Horren lekuko kokatu zituen irekiera ekitaldian, frontoi atzeko murala eta aurrean duen Mikel Laboa plaza, "Zumetak berak diseinatutakoa" baita.

Transmisioan eragiteko
"Muralaren sortze prozesua nolakoa izan zen erakutsi eta batez ere oraingo belaunaldiei ere gizarteratzeko" baliatu nahi dute erakusketa eta datozen gainerako ekimenak ere sustapen lanetan diharduten Usurbilgo Udalak, Zumeta Arte Estudioak eta 650 Usurbizi Bizi egitasmoko kideek. Guztiok "eskuz esku aritu gara elkarlanean ospakizun honen antolakuntzan". Transmisioan eragin nahi dutela nabarmendu zuen alkateak, "gure identitatearen, kulturaren, artearen edo bestelako edozein adierazpide artistikoren transmisioan, gure ustez horixe baita belaunaldi berriei gure artisten lana erakustera emateko legatu hori erakustera ematea baita, Jose Luis Zumeta bezalako artistei egin diezaiekegun omenaldirik onena".

Erabaki ausarta
Udalak hasieratik bat egin du proiektu honekin; ez soilik urtemugako ekimenekin. Bere garaian baita muralaren sortze prozesuan eragiten aritu zen, alkateak oroitarazi moduan. "Usurbilgo udalak berak eskatuta egin zuen Zumetak artelan hau 1973-74 urte artean. 1972ko urriaren 30ean egindako udalbatzan hartu zen erabakia. Erabaki hartan esaten zen, ia 200.000 pezeta, 194.800 pezeta bideratuko zirela materiala erostera eta artistarentzat ere finkatu zen ordainsari edo soldata bat".

Udalbatza hark hartutako erabakia txalotu zuen alkateak. "Txalotzekoa iruditzen zait frankismoaren urte gogor haietan, orduko udalbatzak euskal kulturaren eta artearen alde egindako apustu hori, izandako ausardia, bai orduko Udalak, herritarrek eta Usurbilgo herriak orohar. Izan ere, hamarkada haietako kultura eztandaren plaza eta lekuko izan baitzen gure herria".

Gogora ekarri zuen Ez Dok Amairu mugimenduarekin Usurbilek izandako lotura estua; besteak beste, Artze anaien bidez edota Usurbilgo kaleetan dagoen haien arrasto nabaria, "izan Mikel Laboa plaza edo Remigio Mendibururen artelana kasu. Garai haietan sortu zen Gaur mugimenduko kide izan zen Jose Luis Zumeta bera, eta herri tradizioa, abangoardiaren ikur bihurtuta, garai hartako euskal abstrakzioaren protagonista nagusietako batean bilakatu zen hamarkada haietan".

Garai hartan ondu zuen hain zuzen frontoi atzeko murala. "Garai hartako artelan bitxia, konplexua ere, artelan anbiziosoa, bere herrian burutu zuen, Usurbilen bertan, arte publikoari bide emanez, gu guztion gozamenerako". Horregatik guztiagatik zioen, "Usurbilek euskal sorkuntzarekin izan duen eta gaur egun duen harremana eta konpromisioa erakusten dute gure kaleek, euskal kultura arnasten da gure kaleetan".

Usurbil Museo Irekia
Hortik dator hain zuzen, udalerri honen balore eta proiektu eraldatzaileetan oinarrituriko herri nortasuna erakutsi nahi duen 650 Usurbil Bizi proiektuaren baitan martxan jarri duten egitasmoetako bat; "Usurbil Museo Irekia" izenekoa. Kaleetan baitago artea. Gogorarazi zuenez, "Usurbilera datorren edonork nahikoa izango du gure kaleetan mugitzea, edonora begiratzea, eta artelan bat ikusteko aukera izango du, izan kalean, plazetan, hormetan. Lehengo zein oraingo euskal sortzaile eta izen handiko sortzaileen lanak eta ondare aztarnak nonahi aurki daitezke".


Bidea, "sorpresaz betea"
Hilabete berezian zabaldu da 50 urte bete dituen Zumetaren muralari lotutako erakusketa. Hilabete honetan jaio eta zendu baitzen frontoi atzeko artelanaren egilea. Eta hilabete honetan hasi eta amaitu zuen baita, lerrootan protagonista dugun sortze lana bera. Horregatik, erakusketaren ostiraleko irekiera ekitaldian Zumetaren alaba Usoak zioenez, "apirila etxekoentzat urteurren hilabetea da".

Erakusketaren prestaketa lanetan jardun du Usoak azken bi urteotan. "Murala lehen lerroan jartzeko asmoz ikerkerta lanetan hasi nintzen, duela pare bat urte. Azken urtean, Mikel Onaindia eta biok aritu gara informazio bila". Aipatu zuenez, "bide-orri polita izan da, sorpresaz betea".

Esaterako, "muralaren pieza bat topatu dugu, baita jatorrizko proiektua, edo buztinez egindako aitaren pipa, autoerretratua dena. Sorpresa pila bat egia esan". Ikerlan honi esker zabaldu ahal izan da erakusketa eta horren emaitza da baita plazaratu duten katalogoa. "Azken hau, erakusketaren katalogoa baino liburua dena, muralaren errelatoa osatu dugu. Espero dut denok gozatzea, batarekin eta bestearekin, erakusketarekin eta katalogoarekin".

Bidelagun izan dituenak eskertu nahi izan zituen Usoak, "egitasmo hau gauzatzen lagundu didaten guztiak".

Maiatzaren 15era arte zabalik izango da Sutegiko erakusketa ordutegi honetan: 
-Astelehenetan: 17:00-20:00 (maiatzaren 1ean itxita).
-Asteartetik ostiralera: 11:00-13:00 / 17:00-20:00.
-Larunbat eta igandeak: 11:30-14:00 / 17:00-20:00.