Maiatzak 1

Eskualde mailako mobilizazioa deitu du LAB sindikatuak

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 1a, 09:02

Maiatzaren lehenengo aldarrikapen egun honi lotutako manifestazioa deitu du gaurko LAB sindikatuak Hernanin.

Langileen Nazioarteko Eguna gaur, maiatzaren lehenengo egun hau. Sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte hiriburuetan baita eskualdeetako hainbat udalerrietan ere. LAB sindikatuak Buruntzaldea mailako manifestazioa deitu du astelehen arratsalde honetarako, 18:00etan Hernanin. Gudarien plazatik abiatuko dela iragarri dute, "Egiteko beste mundu bat! Banatuz eraldatu" aldarripean. Lehenago, eguerdiko 12:00etan abiatuko da Donostian deitu duen manifestazioa, Easo plazatik. Usurbilgo Ernaik hara trenez joateko hitzordua finkatu du. "Maiatzaren Lehenean gazteok lehen lerrora. LAB sindikatuak Donostian antolatutako mobilizazioko gazte blokean parte hartuko dugu", iragarri dute sare sozialen bidez. Hiriburura "Usurbiletik denok batera joateko 11:24ko trena hartuko dugu!", adierazi dute.

"Maiatzaren Lehenean kalera aterako dira, egoera honen erantzuleak seinalatzera, patronala eta instituzioei bakoitzari dagokion ardura har dezala eskatzera. Bada garaia hitzarmenak berritzeko, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko, lanaldi murrizketaren eztabaidari heltzeko. Bestalde, zaintza sistema publiko komunitarioaren bidean aurrera egiteko aitzakiarik ez dago. Izan ere, baditugu eskumenak bestelako zerga politika bat egin eta zerbitzu publiko duinak garatzeko".

Kalera ateratzeko deia egin du LAB sindikatuak. "Aurtengo Maiatzaren Lehenean, antolakuntza eta borrokarako deia berretsi nahi du LAB sindikatuak, egiteko beste herri bat, beste mundu bat eraiki nahi dugulako. LABen proiektuarekin bat egiten duen orori, langile orori dei egiten diogu kalera ateratzeko, sistemak langileon artean sortu nahi dituen arrakalak gaindituz, pentsionista, emakume, gazte, migrante eta arrazializatu guzti guztiok langile klase beraren parte garela sentitu eta elkartasunez eta elkarrekin bete ditzagun kaleak".