Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 2023. urte honi begirako udako jardunaldi, topaketa edota tailer zein saio osagarrien zerrenda argitaratua du. Ohi bezala, denetariko gaiak tartekatuko ditu: ekofeminismoa, euskararen normalizazioa hezkuntzan, trantsizio ekosoziala, lodifobia, Osasunaldia, euskal artearen historia, adimen artifiziala, filosofo euskaldunen lehen bilkura... Bilbon, Eibarren, Tolosan, Errenterian, Iruñean, Gasteizen edota Baionan egingo dira ikastaro hauek guztiak. Baita noski, Usurbilen ere. Azken urteon ildo beretik, Usurbilgo Udalarekin eta Jakinekin lankidetzan, UEU-ren udako ikastaroen baitako Jakin Jardunaldia antolatu dute.
Aurreko edizioak uztailean egin izan dira, bi egunez. Oraingoan ordea, ekainera aurreratzea erabaki dute. Ekainaren 22an eta 23an izango da Usurbilgo Jakin Jardunaldia. Gaia ere zehaztua dute antolatzaileek: "Gizarte mugimenduak: erronka berriei elkargune berriak". Matrikulazio epea oraindik itxita dago, aurrerago irekiko dute, baina estreinatu berri dugun hilabete honetan. "Matrikula maiatzean zabalduko badugu ere, ekaina eta uztaileko agenda prestatzen hasi zaitezke!", egin dute gonbita. Informazio gehiago, ueu.eus atarian.
Iazko jardunaldiko saioen bilduma
"EH2040: demografia, lurraldea, zaintza, hizkuntza" izenekoa izan zen iazko Jakin Jardunaldia. Uztailaren 7 eta 8ko saioek emandakoa batua du UEU-k bere web orrialdean. "Euskal Herria 2040an nolakoa izango da? Zer esaten digu prospektiba demografikoak? Zenbat jende biziko da? Gizarte zahar batera al goaz? Ze eragin du horrek zaintza ereduan eta pentsioetan? Eta lurralde orekan? Eta euskaran? Eta hirien antolaketan? Zein den etorkizuna eta zer nolakoa izan dadin nahi dugun jakin behar dugu etorkizun dagoenari aurre hartzeko". Horri buruz jardun zuten aditu ezberdinek. "Demografia prospektibaren argitan, Euskal Herrian 2040an nolako izango den aztertu nahi dugu eta, horren aurrean, lurralde oreka, hizkuntzaren biziberritzea eta ongizate politiken eta zaintza ereduen demokratizazioa erdiesteko zer aukera dugun eta nola egin hausnartu", hortxe jardunaldion helburua.
Hemen duzue iazko Jakin Jardunaldiak emandakoa, esteka honetan: "EH2040: demografia, lurraldea, zaintza, hizkuntza".