Albiste honi atxikia duzuen irudiarekin, orain bai; atzera kontaketa betean gara jada; badator 40. Sagardo Eguna. Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek herriko bi sarrera nagusietan, Oxtapen eta San Inaziokoan finkatu dute kartel erraldoi bana. Argi dio; maiatzaren 21ean izango da. 20 egun barru beraz.
Egunotan, bestalde, Usurbilgo Udalak etxe etxe banatu duen kultur agendak ere aurreratu du edizio ezin borobilago honetako egitaraua. Irekiera ekitaldi ofizialaren aurretik, botatzaileen argazkia aterako dute. Urtero norbanako, talde, elkarte edo eragileak omentzen dituen hasiera hitzorduaren ondotik, "baserri zein sagardotegietako sagardoa dastatzeko aukera" izango da hilaren 21ean, "pintxo aukera" zabala dastatu ahal izateaz gain. Horrekin batera, "botatzaileen lehiaketa ere izango da". Goiz partean, frontoian eta plaza inguruan izango den sagardo dastatzearen ondotik, azpiegiturak egokitu edota zerbitzatze lanetan aritu diren lagunak bazkaritarako bilduko dira Udarregi ikastolan. Arratsalde partean, ohi bezala, "Matraka" elektrotxaranga izango dugu herriko kaleetako giroa astintzen.
40. Sagardo Egunari begirako dastatzea
Badator usurbildarren egun seinalatua; maiatzaren 21ean ospatuko dugu 40. Sagardo Eguna. Egun horri begira, sagardo nahiz beste edari batzuen dastaketa antolatu dute Artzabalen:
-Maiatzak 5, 19:00 Ardoen dastatzea. Izen-ematea: maiatzaren 2a baino lehen, 20 euro.
-Maiatzak 12, 19:00 Garagardo dastatzea. Izen-ematea: maiatzaren 9a baino lehen, 20 euro.
-Maiatzak 19, 19:00 Sagardo dastatzea Euskal Sagardoarekin lankidetzan. Izen-ematea: maiatzaren 16ra arte, 10 euro.
Oharra: hiru dastaketa hauetarako bonoa 45 eurotan.