Langileen Egun honekin batera urteko bosgarren hilabetean murgildu gara. Usurbilen, urteko hilabete oparoenetarikoa dugu maiatza, herri bizitzari dagokionean. Herrian errotuak dauden ospakizun seinalatu bat baino gehiago izango dugu asteotan.
Nabarmentzekoen artean, noski, Sagardo Eguna. Berrogeigarren edizio borobilera helduko den usurbildarren festa kuttunena maiatzaren 21ean ospatuko dugu. Lehenago, Andatza Eguna, igande honetan bertan, hilaren 7an; Zirimarak familia-plana iragarri du Txokoaldetik abiatuta. Goian, jan-edanik ez da faltako. Astebete beranduago, handik hurbil, Ezkeltzura irteera iragarri du Andatza-Ezkeltzu Bizirik! plataformak maiatzaren 13an, bertan eraiki nahi duten parke eolikoaren proiektuari buruzko xehetasunen berri jasotzeko.
Beste egun seinalatu bat; San Ixidro Eguna, izatez maiatzaren 15ean. Astelehenarekin egokitzen da ordea eta bezperara, hilaren 14ra aurreratu dute. Herri kirolak edota jan-edana izango dira, iaz estreinaturiko Txalaparta Festaren amaiera egun horretan. Jexux Artze K.E.-k, Udala, Zumarte edota NOAUA! K.E.-rekin lankidetzan hiru eguneko eskaintza iragarri du maiatzaren 12tik 14ra. Txalaparta eta organoa uztartuko dituen kontzertu berezia antolatu dute Salbatore Elizan, herri erromeria, txalapartarien emanaldi ibiltaria edota Peru Galbetek Joxan Artzeri eskainita sortu duen film laburra ere proiektatuko dute.
Elkargunearen aurkezpena
Egun seinalatuen aipamenari jarraiki, Andatza Egunaren bezperan, nerabe, gazte edota kulturgileentzako Usurbilgo Elkargunearen proiektua aurkeztuko dute jendaurrean. Eraikitzen hasiak diren gune edo espazio fisiko berriaren inguruko lehen zirriborroaren berri emango dute sustatzaileek.
Egunotan gainera, gogoan izan, zabalik segiko du maiatzaren 15era arte Zumetaren muralari lotutako Sutegiko erakusketak. Udajolasen izen-emateko garaia ere izango da, baita Usurbilgo festetarako txupinazorako hautagaia proposatu edota egitaraua diseinatzekoa ere.
Tailer eta hitzaldiak
Ohiko hileroko deialdiak izango ditugu, abiatu berri dugun hilabete honetan; Sareren mobilizazioa edota kantu-jira azken asteburuan. Hitzaldi batzuk ere iragarri dituzte; "Pantailen erabilera egokiaren inguruko hausnarketa" bideratzeko astearte honetan, edota "askari osasuntsuak" hizpide dituena hilaren 16an. Santuenean iragan ostiralerako iragarria egon arren, maiatzaren 5era atzeratu duten heriotzari eta doluari buruzko saioa ere izango da, hilaren 12ko sendabelar tailerrarekin batera.
Solasaldiak baita Sutegi udal liburutegian ere. Udaberri honetarako iragarri dituen ekimenen artean, Miren Amurizaren "Basa" aztertuko dute egilearekin berarekin edota Miren Agur Meaberen "Bihotzak Dun-Dun" Yolanda Arrietarekin. Hauei, haurrei zuzenduriko beste hiru ipuin kontaketa saio batu behar zaizkie.
Etxeko txikienak aipatuta, Perli eta Koxkolo bisitan izango dituzte maiatzaren 27an Aginagako Eliza Zaharrean, bere "abentura zirraragarriarekin".
Hilabetea, gogoan izan, udal eta foru hauteskundeekin agurtuko dugu, maiatzaren 28an hain zuzen. Aurretik bi asteko kanpaina egingo da.