Maiatzaren 13an

Ezkeltzun eraiki nahi duten parke eolikoaren proiektua hurbiletik ezagutzeko aukera

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 3a, 10:42

Usurbildik eta Zizurkildik zutabe bana abiatuko da Ezkeltzura maiatzaren 13an, bertan eraiki nahi duten parke eolikoaren eremua ezagutzera.

2022ko otsailean izan genuen Ezkeltzun eraiki nahi duten parke eolikoaren berri. Egitasmo hau hurbiletik ezagutzeko aukera izango da, Andatza-Ezkeltzu Bizirik! elkarteak maiatzaren 13rako antolatu duen txangoan. “Zizurkilgo Ezkeltzu mendian zentral eolikoa eraikitzeko ekimena aurkeztu du Green Capital enpresak. Inguru zoragarri hori ezagutzeko irteera antolatu du Andatza-Ezkeltzu Bizirik! elkarteak”. Zutabe bana abiatuko da Usurbildik eta Zizurkildik. “Hegaztiei, landareei eta ondare arkeologikoari buruzko azalpenak” eskainiko dituzte.

Aurrez aipatu bilgunetik adierazi izan dutenez, "txikizioa, energia berdearen izenean". Hala definitu du Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataformak Ezkeltzun eraiki nahi duten parke eolikoaren proiektua. "Green Capital enpresak Ezkeltzu inguruan parke eoliko bat eraikitzeko ekimena aurkeztu du. Ia 200 metroko altuerako errota erraldoiak eta errepide zabalak jasotzen ditu proiektuak", gogorarazi du aipatu herri plataformak.  

Maiatzak 13, larunbata
9:00
Usurbilgo plazan.
9:30 Zizurkilgo PM Otaño plazan.
10:00 Ezkeltzuko magalean (Zizurkil aldetik).
Ondoren, hamaiketakoa.

Antolatzailea: Andatza-Ezkeltzu Bizirik! elkartea.