Doktorego tesiak euskaraz egitea sustatzeko beka deialdia sortu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamenduak eta hari, usurbildar baten izena jarri dio; Joxan Artzerena. "Doktorego aurreko ikerketa proiektuen saria" horixe da Diputazioak sortu duena. Aurrez, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan martxan jarria zuten Mikel Laboa Kadetraren baitan txertatu dute Joxan Artze beka deialdia. Mikel Laboa Katedra, aldiz, "euskal arteari buruzko ikerketa zientifikoa" sustatzeko abiarazi zuten.
Beka deialdia sortu ez ezik, lanak aurkezteko epea ere zabaldu du Foru Aldundiak, maiatzaren 23ra arte hain zuzen. Ikergaia zehaztu dute. Hauxe da: "XX. mendearen bigarren zatiko euskal lirika, egileak, obrak, nahiz horien itzulpenak; euskal poesia nahiz narratiba eta drama lirikoak, euskal lirikaren lotura beste literatur genero eta arteekin, XX. mendearen bigarren zatiko egile lirikoak, horien eragina ondorengo literaturan nahiz, oro har, kultur sorkuntzan eta itzulpengintzarekin izan dituzten loturak".
Tesia EHUn
Deialdi honen prozeduraren nondik norakoen berri eman dute baita. "Hautatutako pertsonak doktorego aurreko urtebeteko kontratu bat lortuko du, beste hiru urtez luza daitekeena, Euskal Herriko Unibertsitateko sail edo institutu batean tesi bat egiteko. Doktorego aurreko kontratu hori EHUren bitartez formalizatuko da. Doktoregaiak urtero aurkeztuko dio Mikel Laboa Katedraren zuzendariari, irailaren 15a baino lehen, urtean egindakoaren txostena eta hurrengo urteko eginkizunen aurreikuspena. Txosten hori tesi-zuzendariak sinatuta entregatuko da. Txostenaren ebaluazioaren arabera berrituko da kontratua. Aurkeztutako curriculumak eta tesi-proiektuak Mikel Laboa Katedrak izendatutako hiru adituz osatutako hautaketa batzorde batek baloratuko ditu".
Joxan Artze izango da baita, bere anaiaren omenez sortutako Jexux Artze K.E.-k maiatzaren 12tik 14ra antolatu duen 2. Txalaparta Festako protagonistetako bat:
Usurbilgo 2. Txalaparta Festa: Jexux Artze gogoan
Maiatzak 12, ostirala
Goizean, Udarregin Txalaparta kontzertu didaktikoa (DBH4ko ikasleekin).
19:00 Salbatore elizan TXALAIZE Kontzertua: KIMU (Txalaparta), Mixel Etxekopar (ahotsa eta haizezko musika tresna tradizionalak) eta Jesus Martin Moro (organoa).
Maiatzak 13, larunbata
11:45-14:00 Herri erromeria Mikel Laboa Plazan:
Adar deia.
Txalaparta irekia.
Albokariak.
Txalaparta irekia.
Txalaparta ikasleen emanaldiak.
Txorizo egosi eta sagardo banaketa.
14:30 Bazkaria Patri jatetxean
Txartelak salgai 25 euroan Lizardin edo 645 008 735 (azken eguna maiatzaren 10a).
18:00 Kontzertuak herriko hainbat txokotan, Olanoenea plazatik hasita:
Usurbilgo txalapartariak.
TXOTX Txalaparta taldea.
Zigoitiako Txalapartariak.
BIOTX.
Maiatzak 14, igandea
19:00 "Bide bazterrean Hi eta Ni kantari" Peru Galbeteren laburmetraia Sutegiko auditorioan.
Ondoren, kontzertua.
Sarrerak: 5€ (usurbilkultura.eus edo Noaua!ren egoitzan) edo usurbilkultura.eus plataforman.
Zehaztasunak: "Peru Galbetek Joxan Artzeren hitzen oihartzunean sortu du 'Bide bazterrean hi eta ni kantari' film laburra. Punto de vista jaialdian estreinatu zuen martxoan. “Joxean Artzeren poemak entzun eta irakurtzen ditugu film honetan. Film hau poema ere bada. Poema laburra, poemaz, soinuz, iraganeko irudiz eta oraingo irudiz egina.” Laburmetraiaren proiekzioaren aurretik, kontzertua eskainiko du Peruk.
Antolatzailea: Jexux Artze K.E.