Adinekoen egoitzetako egoilarren bizi kalitatea hobetu eta "bertsoen bidez euren gaitasuna sustatzea" helburu duen "Adin Adin" izeneko egitasmoa abiarazi dute zortzigarrenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk. Ekimen honen baitan, 21 bertso saio antolatu dituzte herrialdeko adinekoen egoitzetan maiatzaren 3an hasi eta hilaren 19ra arte; bita Usurbilen ere. Udalerri honen kasuan, Puntapax Eguneko Zentroan egingo da. Maiatzaren 10ean izango da saioa, goizeko 10:30etan hasita. Ane Labaka Maioz eta Sebastian Lizaso ariko dira bertsotan.
"Adin Adin" egitasmoko hitzorduok Azkoitian, Tolosan, Zumaian, Zumarragan, Lazkaon, Errenterian, Donostian, Bergaran, Seguran, Zestoan, Arrasaten, Oiartzunen, Legazpin, Aretxabaletan, Azpeitian edota Beasainen izango dira. 17 udalerritako 21 egoitzetan eskainiko diren saio guztiotan belaunaldi ezberdinetako baina eskualde bereko bina bertsolarik parte hartuko dute. Guztira 25 lagunek: Eneritz Artetxek, Anjel Mari Peñagarikanok, Maddi Aiestaranek, Andoni Egañak, Alaia eta Jon Martinek, Ainhoa Agirreazaldegik, June Aiestaranek edota Amaia Agirrek, besteak beste.
"Azken urteetan ekimena izaten ari den harrera ona kontuan izanda, ekimena pixkana zabaltzen ari da eta gero eta gehiago dira parte hartzeko interesa erakusten duten egoitzak ere, esaterako, Matiak hiru saio babestuko ditu diruz aurtengo edizioan", berri eman dute sustatzaileek.
Ahozkotasunaren potentziala
Bertso saio bakoitzaren aurretik hitzordua nola lantzen duten ere aditzera eman dute. "Bertso saioak aurrez prestatzen dira egoitza bakoitzeko dinamizatzaile eta animatzaileen bidez egoiliarrekin, gogoko dituzten bertso zahar eta kantu herrikoiak ezagutzeko, eta horrela bertsolariak doazenerako parte hartzea errazago aktibatzeko".
Ekimen honen eragin positiboa nabarmendu dute antolatzaileek. "Proiektu honen bidez, euskal kulturaren adierazpide nagusienetakoa den bertsolaritza adinekoen egoitzetara iritsarazten da, ahozkotasunak duen potentzial osoarekin, “terapeutikoki zein ludikoki”. Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuaren esanetan, gakoa “adineko pertsonen parte-hartzea bultzatzean eta euren arteko harremana hobetzean” dago. “Musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen die adineko pertsonei; iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten zaizkie”.