Usurbilgo Elkargunearen aurkezpena larunbatean

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 5a, 09:43

Usurbilgo nerabeentzako, gazteentzako eta kulturgileentzako bilgune berri bat eraikitzen ari dira azken hilabeteotan arlootako hainbat herri eragile. Sukalde lanetan aritu dira azken hilabeteotan; orain arte jorratu duten bidea herrikideekin partekatu nahi dute maiatzaren 6an.

“Proiektuaren ideia lantzen eta datorren aurkezpena prestatzen aritu gara Aztarrika Gazte Asanblada, Usurbilgo Kulturgunea, Ziortza Gazte Elkartea eta hemen dira Gaztelekuko lagunak ere”. Horretarako deitu dute, larunbat honetan, maiatzaren 6an, eguerdiko 12:00etan Aranerrekako parke berrian jendaurreko lehen aurkezpen saioa.

Toki baten beharra
Aipatutako kolektibo hauek guztiek “gune edo espazio fisiko berri bat” beharrezkotzat jotzen dute. Eta horri begiraari dira lantzen, “Usurbilgo Elkargunea”. Dagoeneko egitasmoaren “lehen zirriborroa” osatu dutela berri eman diote NOAUA!ri. Izenak dioen moduan, “proiektu edo espazio honek, finean, topagune bat izatea du helburu”. Hasteko kulturgileentzat. “Sortzaileentzako plaza izateaz gain, sorkuntza-gune ere izatea da asmoa. Herriko sortzaile ezberdinek elkargune bat izateak saretzean eta elkarlanean lagunduko du. Euskal kulturzaleak sortzen eta elikatzen jarraitzeko sekulako potentzialitatea izango du espazio honek”. Haur eta nerabeentzako ere “astialdi jarduerak garatzeko espazio aproposa litzateke, eragile desberdinen sinergiak eta elkarlana baliatuko baititu”. Baita gazteentzat ere. “Gazteok gure sentituko dugun espazio bat izateak herri mugimendua hauspotzen eta indartzen lagunduko du, elkarlanean diharduen gazte mugimenduak tresna hau esku artean izateak herrian eragiteko gaitasuna eta grina biderkatuko duelako”.

“Iazko udazkenetik ari gara elkartzen”
Zortzi erronka edo helburu dituzte eskuartean Usurbilgo Elkarguneko sustatzaileek: “herriko eragile ezberdinak elkarlanean jardutea; herritarrak sozializatzeko jarduna garatzea; belaunaldi ezberdinen transmisiorako bide izatea; herritarrei kultur eta astialdi programazio zabala eskaintzea; herriko sortzaileen jarduna plazaratzea; eragileek gunea modu burujabean kudeatzea; sorkuntzarako edota egonaldi artistikoetarako espazioa izatea; jakintzak eskuratzea eta elkarbanatzea (formakuntza artistikoa, politikoa, astialdikoa...).

Antzeko beharrak zituzten herri eragile ezberdinen bateratze bat egon da proiektu honen bueltan. “Lau eragileok iazko udazkenetik ari gara elkartzen, eragile bakoitzaren egungo jarduna eta dinamika ezagutzeko, baita egun ditugun gabeziak edota erronkak partekatzeko ere”. Hala, behatu ahal izan dutenez, “Aztarrika gazte asanblada gaztetxe baten beharra aldarrikatzen, aztertzen eta borrokatzen ibili da azken urteetan. Usurbilgo Kulturgunearen hastapenetatik, kulturgileok egindako prozesu parte-hartzailean, espazio baten beharra eta nahia identifikatu dira: zuzeneko kulturaz zutik gozatzeko eta sorkuntzarako. Ziortza Gazte Elkartera, berriz, gero eta gazte gehiago gerturatzen dira, eta espazio handi baten beharra piztu du horrek. Azkenik, Gaztelekua Gizarte eta Heziketako zerbitzu publikoa izanik, 12-17 urte bitarteko nerabeen garapen konstruktibo eta osasungarrirako astialdiko gunea izan nahi du. Horretarako, herriko gainerako eragileekin hartu-emanean aritu nahi du”.