"Usurbil Museo Irekia" izeneko bisita gidatu gehiago iragarri dira egunotarako: maiatzak 6, 7, 13, 14, 27 eta 28rako. 12:00etan abiatuko dira Sutegitik. Ordubete inguruko iraupena izango dute. Bisita gidatuak 3 euroko prezioa izango du, 18 urtetik beherakoek doan. 14 lagunentzako lekua egongo da. Izena 650usurbilbizi.eus atarian eman ahalko da.
"Usurbilgo kale, plaza eta hormetan ikus daitezkeen artelanak ezagutzeko" aukera izango da. "Usurbil beti izan da Euskal Herriko kultur-gune erreferentzialetako bat eta bere lekua irabazi du Euskal Herriko kulturaren mapan. Usurbilera baldin bazatoz bere kaleetan murgiltzea eta paseatzea nahikoa izango duzu edonora eta begiratu eta artelan bat aurkitzeko. Kalean, plazetan, hormetan… Lehengo zein oraingo izen handiko sortzaileen lanak eta ondare aztarnak non nahi izango dituzu zure begiradaren zain. Gida baten laguntzaz ezagutu ahalko dituzu artelan hauek guztiak ordubeteko bisita gidatuan".
Remigio Mendibururen Udarregiren omenezko eskultura, 50 urte bete dituen Zumetaren murala eta urtemugaren harira zabaldu berri duten Sutegiko erakusketa, Askatasuna plazako Arrastaluren artelanak, Mikel Laboa plaza... eta herri honetako kaleetako altxor gehiago ezagutzeko aukera izango da, 650 Usurbil Bizi bestelako turismo eredua sustatzeko abian den egitasmoaren baitan abian jarritako ekimenean.
Zumetaren muralari buruzko erakusketa
Gogoan izan, bestalde; mende erdia bete duen Jose Luis Zumetaren frontoi atzealdeko muralari lotutako erakusketa bisita dezakezue maiatzaren 15era arte. Antolatzaileen esanetan, "erakusketaren gaia muralaren sortze prozesua da, eta euskarri nagusia argazkiak izango dira". Horrez gain, "muralaren jatorrizko bozetoa, olio bat, estreinakoz ikusteko aukera izango da erakusketan, baita sortze prozesua Zumetaren ahotsean entzutekoa ere, Keixeta pintore eta zeramikariak 2016an egin zion elkarrizketaren bidez".
Maiatzaren 15era arte, zabalik izango da erakusketa ordutegi honetan:
-Astelehenetan: 17:00-20:00.
-Asteartetik ostiralera: 11:00-13:00 / 17:00-20:00.
-Larunbat eta igandeak: 11:30-14:00 / 17:00-20:00.